GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Gaztediko emakumeak, txapeldun 540 kiloan


Larunbaten jokatu zen Txurdinagako kiroldegian emakumezkoen 540 kiloko azken ekitaldia. Guztira hiru jardunaldi izan dira egin dituztenak eta, hiruretako puntuak batuta, Laukizko Gaztedi izan da garaile. Tiraldi guztiak irabazi eta txapelaren jabe egin dira, guztira jokoan zeuden 12 puntuak eskuratuta. Bigarren Badaiotz izan da, Gasteizkoa, 9 punturekin. Hirugarren Ibarra, 5,5 punturekin; eta Txantreak 3,5 lortu ditu. Orain 500 kiloan beste hiru jardunaldi izango dituzte; aurrenekoa, datorren larunbatean Berrizen.

Gizonezkoek ere larunbatean Txurdinagan neurtu zituzten indarrak 600 kiloan, bigarren ekitaldia kasu honetan. Laukizko Gaztedi izan zen onena 7 punturen jabe eginda. Ondoren, Beti-Gazte sailkatu zen, 6 punturekin. Muruetak 5 bildu zituen; hirurekin parra eginda Ibarra, Berriozar eta Ñapurrak geratu ziren, eta azkena Antsoain puntu bakarrarekin. Horiek ere datorren larunbatean Berrizen izango dute azken jardunaldia.

Abadiñoko probak

San Blas egunean hasi eta gaur izango dute amaiera Abadiñoko idi-demek. Larunbatean marka onak egin ziren: Urretxuko Ipiñarrietak 55 untze, 1/2 eta 4 metro. Bermeoko Alegriak 54 untze eta 2 metro. Lezoko Olatzarrek 52 untze, 3/4 eta 5 m. Eta Iñaki Lopategi Birlekoak 49 untze justu. Gaur, azken eguna, 17.00etan neurtuko dira Txokolate Errezilgoa, Andrakas Lemoakoa eta Aurrekoetxea Loiukoa. Gauean, 22.00etan, Garagarza Elkartea Laukizkoa, Oliden Oriokoa eta Azkoitiko Isidro Erretegia jardungo dira.