20 FEB. 2019 Aizkora Etxeberria eta Kortxero, lehia ederra Donezteben Andres OSA «SAKONA» Joxean Etxeberriak (Ziga, Nafarroa) eta Eloy Kortxerok (Araia, Araba) aizkora apustu erakargarria jokatuko dute igandean, 12.00etan, Doneztebeko pilotalekuan. Urtarrilaren 11n egin zuten tratua eta egin beharreko lana lau oinbiko eta zortzi kana-erdiko moztea da. Bakoitzak bere egurrak eramango ditu eta plazan bien artean jarri. Sei mila euro egongo dira jokoan eta proba amaitutakoan antidopin kontrola pasatu beharko dute aizkolariek. Sarrera 30 euro kostako da. Kortxero, ingeniaria aizkoran Araiakoak 25 urte ditu eta ingeniari mekanikoa da, Mondragon Unibertsitatean ikasi zuen eta Altsasuko lantegi batean teknikari komertzial lanean ari da. Berebiziko erronka jarri dio bere buruari, aizkoran badakiela erakutsi eta bere aurreneko apustua irabazi ezin badu, lan on bat egitea du helburu. Jose Agite du entrenatzailea eta prestakuntzari buruz halaxe dio: «Oso ondo doa. Gustura nago egiten ditudan entrenamenduekin. Inoiz baino hobeto aurkitzen naiz. Astean hiru aldiz aizkoran saio exigenteak egiten ditut. Mendian ere asko ibiltzen naiz hauspoa lantzen». Aurreneko desafioa izateak ere ez du bereziki arduratzen. «Ez, izaera lasai samarrekoa naiz. Aitak eta amak animatu ninduten. Ez beldurtu, ongi prestatu eta konplexuak bazterrean lagatzeko aholkatu ere bai», onartu du jasotako bultzadaz. «Nire eskualdean ez dira desafiozale porrokatuak, baina giro jatorra sortzen ari da. Jarrera sanoa sortu da. Lagunen animorik ez zait falta. Desafio bezperan lagun talde bat Doneztebe aldera doa, landetxe batera, igandean pilotalekura joateko. Herritar ugari joatekotan dira», dio herri bueltan sortutako giroari buruz. Etxeberria, bigarrenaren bila Joxean Etxeberria are gazteagoa da (23 urte), baina desafio gogorra irabazi zion iaz Xabier Zalduari Tolosan: aizkoran hamarna kana-erdiko eta korrika 10 kilometro Zalduak eta 8,6 Zigakoak. «Abantaila handia eman zidan korrika», onartzen du, eta apustuak «asko» gustatzen zaizkiola. «Beharrezkoak dira, horrek salbatuko baitu aizkora». «Ni fisikoki ikaragarri ondo nago», dio nafarrak, eta agian horregatik gehiago arduratzen du inguruko beste guztiak. «Nik beldur gehien arlo psikologikoari diot. Fisikoki oso ongi nago. Ondo hasten banaiz lan ona egingo dut. Erregulartasun ona lortzen ari naiz. Niretzat garrantzizkoa da hori». Iruntxiberri eta aita izango ditu laguntzaile –«animatzen naute»–, eta giroa sumatzen omen du azken egunotan. «Jendea galdezka ari da, ikusteko gogoa badutela eta biziki diotsut: apustu ona ikusita etxera itzul daitezela». Ea hala den.