Iratxe ESPARZA
HELDUEN LITERATURA

Geldiezinezko denbora

Presarik gabe dastatzeko ipuinak dira Iñigo Aranbarrik argitaratutakoak, mamitsuak, sakonak eta ezin hobeto eraikiak. Pertsonaiek espazio komunak partekatzen dituzte, baina sarritan denbora kronologiko ezberdinean mugitzen dira; horrela, denboraren mugen artean kokatuz, idazleak pertsonak jartzen ditu erdigunean, pertsonak eta egunerokotasuna zeharkatzen duen iraganaren presentzia. Bistakoa da lehenaldiko esperientziek eta gorabeherek protagonistak gorpuzten dituztela eta, aldi berean, esanguratsua da ikustea nola bizitza eta heriotza elkarren alboan dauden, espazioa eta denbora bezala. Horregatik, iruditu zait istorioen denborazkotasunak eta pertsonaien patuak espazioarekiko sustraiak egonkortzen dituztela. Irudika dezagun Euskal Herriko leku fisiko eta geografiko zehatz bat, trenak eta ibaiak zeharkatuta; eta, orain, has gaitezen bertakoen oroitzapenetan, desioetan eta bizimoduetan harramazkatzen, istorioak eraikitzen. Orduan, agerian geratzen da liburuaren proposamena, alegia, memoria ariketa burutzea hezur eta mamizko diren pertsonaiengandik hasita; langileak, etxekoandreak, umeak zein nagusiak, arruntak, gehienetan toles gutxikoak eta, hala ere, erabat borobilduak eta garatuak, sinesgarriak eta ipuin guztietan tentsio narratiboa mantentzeko erabakigarriak.

Izan ere, pertsonaien hamar unibertso indibidualak kolektiboa den espazioaren geografia emozional berean elkartzen dira. Hamar dira narrazioak eta bakoitzean eremu konkretu baten koordenatuak marrazten doaz; bitartean, haietan, pertsonaien arteko etenek denboraren linealtasuna apurtzen dute eta narrazioek metaforikoki elkarren osagarri den puzzlearen ideia transmititzen dute, materializatzeaz gain, kokapen geografikoari osotasuna ematen diotelako. Hori dela eta, bereziak dira testuan espazioak eta denborak bat egiten duten mementoak; haiei esker, Aranbarrik erakusten digu espazioa mugimenduan dagoen denboraren parte banaezina dela; adibide bat jartzearren, anbulatorio bihurtutako kartzela dugu, non iraganean heriotza-zigorra aplikatzen zuten. Nolabait esatearren, testuetan belaunaldi ezberdinen bizipenak eta sentimenduak bateratu eta zenbait espazio partekatzen dira. Bestalde, liburuko bi maila ezberdin aipatuko nituzke; batetik, ipuin solteak daude, hasi eta bukatzen dira eta besteekin inolako loturarik egin gabe irakur daitezke. Bestetik, ordea, narrazio bakoitzaren autonomiatik erraz pasa gaitezke liburuak gordetzen duen batasunera; zalantzarik gabe, aukera horrek irakurketa izugarri aberasten du. Esan gabe doa, liburuak eraikuntza literario sofistikatua lortzen duela eta idazleak denbora ederki mozten duela iraganeko irudiak berreskuratuz. Gainera, testuan eskaintzen den ikuspuntua memoria-ekintza bezala har liteke: gerraren irabazleak eta galtzaileak aurrez aurre egotea edo gerra zikinaren ondorioz burututako ekintzak kontatzea; esplizitu edota inplizituago, Iñigo Aranbarrik iradokitzen eta helarazten dizkigun gaiak dira.

Orain arte iruzkindutako guztia kontuan hartuta, Georges Didi-Hubermanek, historiagileak eta saio-idazleak, historiaz eta irudiez egindako gogoeta adierazgarria da, arkeologia materialari buruz asko baitago Aranbarrik deskribatzen duen munduko tokirik ederrenean, arreta jartzen delako denborak uzten dituen aztarna-materialetan. Izan ere, liburuan ezinbestekoak dira aztarna-materialak, narrazioetan azaleratzen den memoriak, xehetasunen bitartez eta oharkabeko berezitasunetik abiatuz, pertsonaien istorio-zatiak eguneratzen baititu; hein handi batean, bada modu bat lekuen eta hondakinen edertasunak eta arimak bizirauten dutela azpimarratzeko.