06 MAR. 2019 JO PUNTUA Basoaren mendekua Fredi Paia Bertsolaria Bambi” filmaren hasieran legez, baina dozenaka leku ezberdinetan. Basoa sutan ikusi dugu azken astean. Kapitalismoaren etsairik handiena den baso bera. Kapitalismoa, eta herri ipuinetako gizakiak, basoaren beldur dira. Zientzia ekonomikoak XX. mende hasieran esplizitatu zuen oinarri isil eta onartua. Esaterako, J.R.R. Tolkien-en “Eraztunen Jauna”-ren bigarren liburuak erakusten duen modura, sakontasunez inpaktatu zuen ideiak. Historia ekonomiko ofizialak esaten du kapitalismoaren Hamlet printzea, daturik esanguratsu eta azalgarriena, hau da, «suntsipen kreatibo» kontzeptua, Alois Schumpeterrek asmatu zuela. Hain zuzen ere, Xabier Mendigurenek euskaratutako “Kapitalismoa, Sozialismoa eta Demokrazia” liburuaren baitan. Aitzitik, Erik eta Hugo Reinert ikertzaileek 2009an frogatu zuten fakultatean irakatsi ziguten hori ez dela egia. «Suntsipen kreatibo» kontzeptua Werner Sombartek plazaratu zuen 1913. urtean. Gainera, Schumpeterrek bere tantoa apuntatzeko bidea maltzurkeria zuhurrez ibili ei zuen, Sokel doktoreak 1992an salatu zuen moduan. Alde batetik, Sombart alemaniarra izateaz baliatu zen (bi gerren galerak alemaniar eskola ekonomikoaren XX. mendeko ekarpenak historiatik borratu zituen) eta bestetik, Sombart noiz hilko itxaron zuen (1941) haren ideien plagioa argitaratzeko (1943). Sombarten tesia, FEDeko Alan Greenspanek kapitalismoa ulertzeko ezinbesteko kontsideratu zuena 90eko hamarkada amaieran, liluragarri bezain dokumentatua da. Oinarrian hauxe dio: kapitalismoaren sorrera Europako basoen suntsiketa masiboaren ondorio zuzena izan zen. Baso suntsiketarik gabe ezinezkoa zen bere jaiotza. Sombarten hitzetan: «Basoen suntsipenetik sorkuntza izpiritu berria sortu zen; egur urritasunak ordezko erregaiak asmatu eta erabiltzen ikastera behartu gintuen: ikatza, kokea, (petrolioa)... industriaren garapenerako ezinbesteko asmakuntzak». Nire ondorio pertsonala da kapitalismoa basoaren mendekua izan zela. Geure burua suntsitzeko oparia. Kapitalismoaren sorrera Europako basoen suntsiketa masiboaren ondorio zuzena izan zen