Agurainen hasiko da bihar Urrezko Banakakoa
Etxeko eta kanpoko 12 aizkolari arituko dira bihar. Guztira 70 dira.
Bihar, 18.00etan, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketari emango zaio hasiera Agurainen. 22. edizioa da eta oraingoan ere Euskal Label Saria izena darama. Aizkolari sorta galanta eratu dute. Guztira 70 aizkolari parte hartzaile. Ez da txantxa!
Hasiera emateko, Agurainen dute zita dozena bat etxeko eta kanpoko aizkolarik: Asier Armentia (Montori), Anton Iacobuti (Agurain), Llanos (Gaubea), Aritz Azpiazu Arria VI.a (Errezil), Julen Aranbarri Elorriaga II.a (Zumarraga), Unai Zabala (Leaburu), Ibai Soroa (Arribe), Daniel España (Valsain-Segovia), Ruben España (Valsain-Segovia), Borja Fernandez (Valsain-Segovia), Marco Nevado (Revenga-Segovia) eta Victor Soarez (Navacerrada-Madril).
Hasiera denez, entresaka egin behar izaten da. Agurainen 12 aizkolari plazaratuko dira. Lan laburra izango dute eta jardunaldiak pasa ahala gehitzen joango zaizkie. Bihar sailkapen probak pasatu ondoren hamabitik bi egingo dute eta beste bi ordezko bezala geldituko dira.
Harri-jasotzea eta aizkolariak
Azkoitiko, Jota Txikiu idi-proba elkarteak harri-jasotze jaialdi erraldoia antolatu du. Bihar, 18.00etan, Gurea pilotalekuan jardungo diren indartsuak hauek dira: Aimar Galarraga, Beñat Telleria, Gorka Etxeberria, Jesus Mari Iruretagoiena, Jokin Aizmendi, Joseba Ostolaza, Josu Urbieta, Kortaberri eta Sergio Mielgo.
Harri-jasotzaile bakoitzak sei minutuko txanda bat izango du eta Plaza Berri harria erabiliko dute, 1981az geroztik plazaratu gabea. Harri honek 139 kilo ditu. Aizkolariak ere betegarri gisa ariko dira, Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga. Bakoitzak zortzi kana-erdiko pago enbor ebaki beharko ditu. Jaialdia Azkoitiko Udalak babesten du.
Bihar ere, 17.00etan, Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketak azken ekitaldia izango du. 580 kilotan mistoa eta parte hartuko dutenak hauek dira: Gaztedi, Berriozar, Murueta, Txantrea eta Beti-Gazte.