13 MAR. 2019 JO PUNTUA Berdinketa asimetrikoa Mikel Aramendi Sosegatu dela ematen du India eta Pakistanen arteko gatazka, joan diren lau asteetako eraso eta kontraerasoen ondoren. Beste aldera buelta eman eta berriro lo hartzen saiatu aurretik, komeniko da, ordea, balantze-gogoeta txikitxo bat. Politikoki, alde biak nahiko pozik geratu direla esango nuke. Narendra Modik hauspotu du bere hauteskunde-kanpaina, Pulwamako eraso suizidaren kalteak militarki enpaztu dituen heinean; hilabete barru irekiko diren hautetsontziek esango dute kalkuluak zuzenak ote diren. Beste aldean, Imran Khan lehen ministro berri(egi)ak ere bere aginpidea sendotu egin duela ematen du, bereziki kuttuna ez duen Armada pakistandarraren agintarien aurrean. Kostuak, alde batetik zein bestetik, neurrikoak izan direnez... Berdinketa. Militarki, ordea, asimetrikoagoak dira kontuak. Indiak erakutsi du Kaxmirreko insurgentziak marra gorri batzuk gainditzen baditu, aspaldiko urteetan joan den baino askoz harago iristeko prest dagoela kontraeraso militar konbentzionalean. Egitate horren aurrean, Pakistanen erantzuna izan da indar militar konbentzionalez ere hari aurre egiteko gai dela azaltzea... Indiaren aire-nagusitasuna batez ere numerikoa baino ez litzatekeen adinean. Alegia, azken hamarkadan Pakistanek AEBei F-16ak erosiz, lehenik, eta Txinarekin elkarlanean JF-17ak fabrikatuz, orain, egindako esfortzu ekonomiko ikaragarriak zerbaitetarako balio izan duela. Eta Indiak hesi hori gainditu nahi badu, antzeko zerbait egin beharko duela. Kontuz hausnartu, baina oso kontuan hartu beharrekoa da, azkenik, Pakistanek bakarrik haizatu duena: indiar urpeko ontzi bati ihes eginarazi diola bere uretan sartzen ari zenean. Indar konbentzionaletan beti asimetrikoa izango den gatazkaren ifrentzu simetrikoa gogoraraztera baitator. Nuklearra. Asia Hegoaldeko bi potentzia nuklearren arteko edozein liskar (eta gutxi izango dira Kaxmirrekoak baino sukoiagoak) segituan bihur daiteke gatazka militar zuzena, borondate politikoa izanez gero. Eta gatazka militar konbentzionalak berehala ekar dezake hautu nuklearra. Asia Hegoaldeko bi potentzia nuklearren arteko edozein liskar (eta gutxi izango dira Kaxmirrekoak baino sukoiagoak) segituan bihur daiteke gatazka militar zuzena