Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Datuen babesa, «big data» eta hauteskundeak

Paradoxa handi bat da: ustez pribatutasunaren zaintza helburu duen lege berberak alderdi politikoei datu pertsonalak baimen espezifikorik eskatu gabe bildu eta aztertzeko aukera emango diela dirudi. Espainiar Estatuan 2018aren bukaeran onartu zen Datuen Babeserako eta Eskubide Digitalen Bermerako Legeaz ari naiz. Lege honek, berez, Europar Batasuneko Datuen Babeserako Araudi Orokor berrira egokitzeko helburua du. Baina egokitzapenaren nolakotasuna definitzeko irizpide ezberdinak daudela nabaria da: espainiar Estatuko legeak atea ireki baitiezaieke frantziar Estatuan, Italian eta Erresuma Batuan esplizituki debekatu diren ekintzei.

Lege honen pean, alderdi politikoek, hauteskundeen markoan eta baimenik eskatu gabe, iritzi politikoen gaineko datu pertsonalak bildu eta aztertu ahalko dituzte, eta profil ideologikoak eraiki. Eta hauteskundeetako propaganda modu pertsonalizatuan banatu ahalko dute, posta elektronikoa erabiliz eta sare sozialak kontratatuz. Auziaren dimentsioa ikusita, kosta egiten zait lege honen gainean izan den eztabaida falta ulertzea.

“Spam elektorala” deitu den horrek ez nau hainbeste kezkatzen. Baina aktibatu zaizkit zenbait beldur: nola saihestuko dira desinformazio eta manipulazio saiakerak? Zein baliabide jarriko dira fake news-en aurrean? Funtsean, nola bermatuko da microtargeting ariketa eztabaida politikoaren mesedetan izango dela soilik? Eta hortaz, nola ziurtatu demokrazia ez dela gehiago degradatuko? Agian apirileko hauteskundeetan hasiko gara ikusten “58 bis” artikulua praktika elektoralean zertan gauzatzen den. Eta benetan zilegi eta legala den. Edozein kasutan. Hiperkonektatua dagoen jendartean datuen balioa neurgaitza da. Eta datu pertsonalen babesa, oinarrizko eskubide bat. Eta iruditzen zait pribatutasuna zaintzea alderdi politikoen betebeharra ere badela. Balio beza, bide batez, bakoitzak bere pribatutasunarekin zer egiten ari den hausnartzeko.