CEAR Euskadik hauteskunde atarian diskurtso xenofoboen ugaritzeaz ohartarazi du
Diskriminazio mota guztien aurka egiteko jendartearen batasuna gero eta beharrezkoago ikusten du Zas! Zurrumurruen Aurkako Sareak.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Egun izendatu zuen martxoaren 21a eta keinu horri erantzunez makina bat mobilizazio egin ziren atzo munduan. Gurera etorrita, hauteskunde atari honetan diskurtso politiko xenofoboak ugaritzen ari direla ohartarazi zuen CEAR Euskadik, eta herritarrei eskatu zien diskurtso politikoek immigrazioa ez instrumentalizatzea zaindu behar dutela, baita gorrotoaren bidez haustura soziala ez eragitea ere.
Alderdi politikoei, urgentziaz neurriak hartzea exijitu zien, besteak beste, «iritzi publikoa sortzean arduratsuak izatea, hauteskundeekin lotutako helburuekin immigrazioa ez instrumentalizatzea eta zorroztasunez eta oinarri enpirikoarekin eraikitako diskurtso politikoen alde egitea, pertsona guztien giza eskubideak defendatuz».
2017 eta 2018an osatutako diskurtso politiko xenofoboen aurkako gida kaleratu zuen berriro, SOS Arrazakeria Gipuzkoarekin eta Araba eta Bizkaiko foru aldundien laguntzaz egina.
Argiak eta itzalak
Zas! Zurrumurruen Aurkako Sareak ere oharra kaleratu zuen, Zeelanda Berriko eta Utrechteko gertakari lazgarriek eta kontinente guztietan gertatzen ari diren indarkeria eta gorrotozko ekintzen ugaritzearen aurrean «diskriminazio mota guztien aurkako gizartearen batasuna gero eta beharrezkoagoa» dela azpimarratuz.
Argiak identifikatu ditu sareak: «Herri ekimen ugari dago, pertsona guztien arteko elkartasuna ikurtzat hartuz –bereziki pertsona migratzaileen aldekoa– asilo eta babeserako eskubidea indartu eta defendatzearen alde lan egiten duena». Itzalen artean, «herrialde ugaritako joera autoritarioa (xenofoboa ez esatearren) eta eskuin muturreko alderdien ugaritzea» aipatu zituen. Hauteskundeak datoz eta funtsezkoa ikusten du sareak itzal horiei aitzakiarik gabe aurre egitea.