Idoia ERASO
BIARRITZ
Entrevista
NEREA MARTINEZ
DANTZARIA ETA KOREOGRAFOA

«Niretzat dantza tradizionala oinarria da, eta garaikidea, heldutasuna»

«Biraka» dantza ikuskizuna aurkeztuko du Nerea Martinez portugaletetarrak gaur, Biarritzen ospatuko den Bi Harriz Lau Xori jaialdian. Artistak euskal dantza du oinarri eta gerora bereganatu duen garaikidearekin elkartzen du lan hau, bakarka egin duen lehena. Matxalen Bilbaorekin eta Markeliñe konpainiarekin ere ari da, eta azken horrekin interprete onenaren saria irabazi zuen iaz, Errumanian.

Bi Harriz Lau Xori Biarritzek urtero euskal kulturari eskaintzen dion jaialdia da. “Biraka” dantzarekin batera Joseba Irazoki eta lagunen kontzertua izanen da, Axut! taldearen “Zazpi senideko” antzezlana eta Itziar Leemansen “Gure oroitzapenak” filma. Martinez bizkaitarrak Lapurdira egingo du salto.

Lan honekin zer mezu helarazi nahi duzu?

“Biraka” nire bizipen pertsonal bat da. Txikitatik beti euskal dantzako dantzariekin egon naiz. Familian beti egon gara Elai-Alai euskal dantza taldean, Portugaleten. Nagusitu nintzenean hasi nintzen balletarekin eta dantza garaikidearekin.

Momentu batean pentsatu nuen bi dantza diziplinak elkartzea eta nire bizipen pertsonalak hor agerraraztea. Nahi nuen bide berri bat lortu dantzari moduan. Nola bizi ditudan nire buruan eta nire gorputzean, bi diziplina horiek elkartuz erakutsi. Nolakoa nintzen ni lehen, eta nolakoa naizen orain.

Bi Nerea elkartzen dituzu, bi dantzen bitartez. Zer eskaintzen dizu estilo bakoitzak?

Dantza tradizionala nire oinarria da: nire familia, nire hezkuntza, nire maitasuna… Sentimendu pilo bat ateratzen zaizkit horretaz pentsatzean, hasi zinen tokiak beti erakartzen zaitu.

Dantza garaikideak heldutasuna ekartzen dit, helduagoa nintzelarik aukeratu nuelako. Bidaiatu edo leku berriak ezagutzeko aukera eman didan dantza izan da.

Agertoki gainean zer aurkituko du ikusleak?

Dantzari bat eta bi txalapartari. Erabiliko ditudan elementu guztiak ikusiko dira, era ezberdinetan. Pixkanaka garapena egingo dut elementuekin.

Txalapartariek euskal kultura tradizionalaren eta gero egiten duzun dantza garaikidearen arteko lotura egiten dute?

Hori da, ez dut bakarrik euskal kultura tradizionalaren zati den aldetik erabili, argi dago garrantzitsua dela, baina inprobisazioan oinarritzen den tresna delako hautatu dut, eta nik erabiltzen ditudan mugimenduekin bat egiten duelako. Ikusten nuen oso aproposa zela, eta horregatik aukeratu nuen.

Beraiek ere ez dute txalaparta ohiko eran erabiltzen, beste objektu batzuk ere erabiltzen dituzte soinua ateratzeko, baita harrizko txalaparta ere. Beraien aldetik ikertu dute, material artistiko polita ateratzeko. Nire dantza hobetzeko ere, musikariekin bat egiten dugu.

Musika agertoki gainean izatean, zuen arteko elkarrizketa sortzen da?

Bai, bakoitzak gure momentuak ditugu. Batzuetan beraiek beren tarteak dauzkate, garrantzia daukate ikuskizunean. Hasieran ni ateratzen naiz, nire momentua delako, intimoagoa, ez ditut beraiek behar. Gero beraiek, beren momentuekin, eta gainera txalaparta batzuetan mezuak bidaltzeko ere erabiltzen dute. Ikuskizunean zehar batzuetan sakabanatzen gara eta beste batzuetan elkartzen gara, ez gaude denbora guztian elkarrekin.

Dantza gisara definitzen da, baina esan daiteke musika eta dantza elkartzen dituen ikuskizuna dela?

Bai, baina dena gauza bera da, ez da bakarrik dantza ikustea, baizik eta ikuskizun oso bat. Ikuskizunetan eszena ezberdinak daude, ez da dantza oso bat hasieratik bukaerara arte, istorio bat bezalakoa baizik, nire bidaia horrek egonaldi edo momentu ezberdinak dauzka. Batzuetan oso goian dago, beste batzuetan ez; istorio bat kontatu ahal izateko denbora horiek beharrezkoak dira.

Eszena zuzendaritza Matxalen Bilbaok egin du, nolako harremana daukazue?

Matxalen eta biok ezagunak ginen, nire irakaslea izan zen hasieratik, eta koreografo oso indartsua den aldetik berarekin ari naiz. Bere lana asko maite dut, horregatik konfiantza, eta lan aldetik ikusi nuen posiblea zela elkarlan polita egitea.

Laguntzeko eskatu nion, eta hala atera zen. Egoitza artistikoak egin ditugu elkarrekin, Lekeition, Katalunian, Bilbon… leku askotan. Obra honekin duela bi urte hasi nintzen, utzi egin nuen, eta gero berriro hartu.

Hainbeste egonaldi izan badituzue, erakunde edo eragileek obran sinistu dutelako da.

Bai, nik uste dut proposamen polita edota interesgarria dela, eta horregatik lagundu gaituztela, pozik gaude alde horretatik.

Nondik ibili zarete orain arte?

2017an estreinatu genuen La Fundicion aretoan, Bilbon. Azken bidaia Mexikora izan da. Euskal Herrian, Santanderren, Malagan, Alemanian… ibili gara, eta saiatuko gara “Biraka”-rekin biraka jarraitzen, kar, kar!

Ikuskizunaren oinarrietako bat euskal kultura izanik, hemendik kanpoko ikusleek nola hartu dute lana?

Ezberdintasunik ez dut nabaritu, esango nuke guztiei ailegatu zaiela ikuskizun hunkigarri moduan. Ikusten da nire bizipen horiek transmititzea lortzen dugula. Ikusleengandik nabaritu dudan feed-back-a hurbiltasuna izan da.

Zein da «Biraka» izenburuaren zentzua?

Nire buruan ideia aspaldi zegoen. Izenburua aukeratzeko momentuan pentsatu nuen ondo zegoela, alde batetik nire buruan biraka eta biraka egon delako: hasi ginen, gero gelditu egin ginen eta gero berriz abiatu. Bestalde, dantzan nola mugitzen garen, espiralaren moduan.

Beste proiekturik ba al duzu buruan?

Oraingoz ez, baina ideia asko dauzkat buruan. Gainera, ni bakarrik nago, proiektu honi nik bakarrik aurre egin nion, eta gero laguntza eskatu nien Matxaleni, txalapartariei, eta jende pilo bat egon da gurekin. Monica Lavandera Donostiako diseinatzaileak ere kolaboratu du.

Proiektu honetaz gain, beste talde batzuekin ari zara.

Bai, Matxalen Bilbaorekin dantzatzen dut eta Markeliñe konpainiarekin. Azken honekin urrian Errumanian egon ginen “Euria” ikuskizunarekin, eta interpretatzaile hoberenaren saria eman zidaten. Ez nuen espero.