Jon ORMAZABAL
P

Atzelarien agindupean

San Mateokoan izan ezik, azken urteko binakako finaletan beti egon dira Rezusta edo Zabaleta, edota biak.

Gaur egun pilota eskoletan umeekin lanean aritzen diren asko kexu dira, txalo eta egunkarietako titular ia gehienak aurrelarientzat izan ohi direnez, haur guztiek aurreko koadroetan aritu nahi dutelako eta atzelariak falta direlako. Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujoren garairik oparoenetan bi aurrelariek agintzen zuten eta euren arabera banatzen ziren garaipenak. Gaur egun ere, buruz buruko txapelak aurrelarientzat direla ematen du, baina binakakoa da urte osoan zehar gehien jokatzen den modalitatea eta hor ukaezina da atzelariek agintzen dutela, nabarmen gainera.

Datuak, behintzat, argigarriak dira alor honetan. Ñabardurak ñabardura, adostasun aski zabala dago aurtengo Binakakoa ere atzelarien txapelketa izan dela eta Albisurekin zalantzaren bat gera daitekeen arren, finalera ere bi atzelaririk onenak heldu direla esanda, hanka sartzeko arriskua ez da handiegia. Beñat Rezusta eta Jose Javier Zabaleta dira, gainera, azken bi txapelketetako irabazleak, baina euren agintea ez da neguko txapelketa honetara mugatzen.

Udan ere, hauek jotako txistuan

Izan ere, bi hauetakoren batekin jokatzeko zoria izan duen aurrelaria garaipenetik gertuago egon da, baita udako lehiaketetan ere. Pentsa, iazko Binakako txapelketako finaletik jokatu diren EPELeko binakako torneoetatik, 10 Codere Masterra kontuan hartzen badugu, Sanmateoetakoa izan da Rezusta edo Zabaleta finalean izan ez dituen lehiaketa bakarra. Bastidakoan ere ez ziren ez Bergarakoa ez Etxarrengoa egon, baina euren enpresek ez zituzten jokatzeko deitu. Aspek bikote bakarra jarri zuen jokoan eta Altuna-Martijaren aldeko apustua egin zuen.

Gainerako zortzietan beti egon da bietakoren bat finalean eta, lehiaketa sistemak beti aukera hori ematen ez zuen arren, zortzi horietako lautan, San Ferminen, Gasteizko Andre Maria Zurian, Donostian eta Codere Masterrean, apirilaren 7an Bizkaia pilotalekuan jokatuko duten bi atzelariak aritu ziren.

Ihes egin dieten torneoak ere ez dira asko izan; Logroñokoaz harago, Artola-Albisuk irabazitako Zarauzkoa, Alegiakoak eta Larunbek irabazitako Lekeitiokoa, eta Elgoibarkoa bezalako frontoi txikian lehen aldiz jokatutakoa, Altuna eta Aretxabaletak eraman zutena.

Garaipenei dagokienez, oraingoz Zabaletaren zenbakiak hobeak dira, iazko Binakako finalaz gain, Gasteizen –Altuna aurrelari zuela–, Bilbon –Elezkanorekin– eta Donostian –Aimar Olaizolarekin bikote mistoa osatuta– irabazi duelako. Rezustaren garaipenak, aldiz, San Fermin torneoan –Ezkurdiarekin– eta Codere Masterraren finalean –txapelketa honetan lagun izan duen Elezkanorekin–, biak Iruñean, heldu dira. Azken honetan, gainera, iazko finaleko arantza atera ahal izan zuen Nafarroa Arenaren inaugurazioan.

Argi dago txapelaren norabidea erabakitzerakoan Elezkanok eta Irribarriak asko izango dutela esateko, baina ez dago ahazterik aginte makila egungo bi atzelaririk agintzaileenek eramango dutela.

 

Rezustaren laugarrena jarraian

Txapelketarik luzeenak izaki, nahiz eta gero finalean, partida bakarrera, edozer gauza gerta daitekeen, erregulartasunaren txapelketa deitu izan zaio Binakakoari eta, azken urteetan pilotari erregularrik izan bada, hori Beñat Rezusta da, ez baita alferrik, apirilaren 7koa, bergararrak jokatuko duen Binakako laugarren finala; denak jarraian jokatutakoak, gainera.

Aspaldiko atzelari ezker profesional bakarra izateagatik pilotaren historian sartzea lortu zuen, eta orain bere emaitzak dira liburu horretan beste tartetxo bat izatera daramatenak, izan ere, bere aurretik beste hiru pilotarik baino ez dute lortu halakorik.

Antton Maiz da jarraian final gehien jokatu zituen pilotaria, 1978an hasita, sei final jokatu baitzituen segidan, denera lau txapel jantzita. Momentuz, Rezusta sailkapen horretako bigarren lekuan legoke, Fernando Arretxe eta Julian Retegirekin batera, hirurek lauko marka erdietsi dute eta. J.O.

Todo sobre P