Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Gerra ekonomikoa nahi zuenak, hor du

Ezin esango dugu 5G-aren gerra duela lau hilabete hasi zela; ordurako, denborak zeramatzan sututa. Baina abenduaren 1ean Kanadako epaileek, estatubatuarren eskariz, Meng Wanzhou andrea, Huawei konpainiako finantza-zuzendaria eta nagusi gorenaren alaba, Vancouverren atxilotu zutenean, argi zegoen fase bero eta irekian sartzen ari zela gerra hori.

Huaweiri 5G teknologiaren nagusitasuna galarazteko ahalegin estatubatuarrak saihets asko ditu eta, agian, negozioarena ez da funtsezkoena. Beti esan da informazioa eta boterea uztartuta daudela. Botere hori AEBen esku egon den bitartean inolako kezkarik ez zutenak oso arduratuta dabiltza Huawei-5G binomioarekin. Bi premisa ditu asaldura horrek: Huawei, azken finean, Txinako gobernuarena da; eta munduan haren erabiltzaile diren guztiak zelatatzeko ahalmena emango lioke 5G teknologiak, nahi izanez gero, haren jabeari.

Eztabaidagarriak dira biak. Eta serio eztabaidatu beharko direnak Huaweik AEBetako auzitegietan aurkeztu duen kereilan. Meng andrearena etxafuegoa baino askoz gehiago ez da sakoneko gatazka horretan. AEBek ahaleginak egin dituzte gerra beste herrialde batzuetara ere zabaltzeko, baina oraingoz aliatu itsuenek bakarrik egin dute bat.

Gutxien espero zitekeen lekuan eta moduan sutu da, haatik, gerra horren fronte berria. Etiopian bigarren Boeing 737 Max 8a erori zenean, 24 ordu baino gutxiago behar izan zituen Pekinek txinatar konpainien klase horretako hegazkin guztiak (mundu osoan dabiltzanen laurdenak baino gehiago) geldiarazteko. Ondorengo ordu/egunetan, beste horrenbeste egin zuten gainerako erabiltzaile guztiek. Huawei oraingoz ez bezala, krisi erabakigarri baten aurrean dago AEBetako hegazkin zibil (eta militarren) fabrikatzaile nagusia.

Bizkitartean, Australiako ikatz ekoizle erraldoiak asaldaturik dabiltza, bezeroak, Txinak, ateak itxi omen dizkielako. Ezer esan gabe, noski.

Gerra ekonomikoak onak direla eta aise irabazten direla esan zuen norbaitek. Aspaldi gabe.