GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Klika ostekoak


Badator 21. Korrika, ostegun honetan hasiko da, Garesen. Martxoaren 8koarekin bezala gertatzen zait niri honekin: egun batzuk lehenago, urduri jartzen hasten naiz, urduritasun polita eta positiboa baina. Pentsatzen hasten naiz ondo aterako ote den, aurrekoan baino jende gehiago bilduko ote zaigun, eta jende-mota zabalagoa izango ote den, edo betikoak –dagoeneko borroka feministarekin bezala euskararekin konprometituta eta ekinean gaudenok– egongo al garen berriro ere…

Festa dira bai bata bai bestea, aldarrikapenak ez duela zertan triste eta hits izan ikasi genuelako bere garaian; aldarrikapen dira biak, baina, funtsean eta nagusiki… badakigulako nola egin festa izaerak ez dezan atzean dagoen guztia, benetan garrantzitsua dugun hori, irentsi, badakigulako nola zabaldu mezuak, badakigulako nola helarazi beren jomugetara, ez jada feministengana ez jada euskaldunongana, baizik eta harago, oraindik gurekin, gure gauzekin, bat egin ez duten horiengana, entzun diezaguten, aintzat har gaitzaten, horrela mundu hobea izango dutela, mundu berdinzale eta bidezkoagoa egingo dugula, benetan hausnar dezaten.

Badator beste Korrika bat, Klikarena, hautu bat egitekoa, euskararena. Hautu honek ez du besterik baztertzen, ez da kanporatzailea; hautu hau egin eta babesteak beste hautu guztiak, beste hizkuntza guztiak, babestuko ditu. Aberastu egingo du euskarara etorriko dena, aberastu egingo du euskara etorriko denak.

Feminismoarekin gertatzen den bezala, eta finean zapaldua, erasoa, jazarria, gutxietsia edo nolabait bigarren mailan egonarazita gauden guztiok elkar hartzen dugunean bezala, hain da polita eta hunkigarria pertsonon artean sortzen den korronte hori, konplizitate hori, mundua benetan alda dezakegulako, aldatzen ari garelako sentipen komun hori, ezen erakutsi eta eskaini egin nahi diozun ondotik pasatzen diren horiei, begiratu besterik ez egiten dizutenei, begietan inbidia-puntua islatuta izaten dutenei, esateko baietz, etortzeko, ikasteko, erabiltzeko, zabaltzeko…

Esateko festa eder hau bukatzen denean ere, hurrengo egunean, elkarrekin segituko dugula bidea, baina duela hamaika egun baino ahaldunduago, euskahaldunduago, besteak beste horretarako baita Korrika, horretarako Martxoaren 8a.

Egun batzuk lehenago, ezin diot eutsi, urduritasun polit honek hartuta, bukaera dut nik buruan: euskaltegiak gehiago beteko ote diren, doakotasunetik hurbilago egongo garen, instituzioen klika argazki soilaz harago ikusiko dugun, Korrikari egunen batean festa izaera osoa eman ahal izango diogun…