Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

«Valhalla», munduko sabai handiena Edu Marinen eskutik

Eskalatzaile katalanak sortutako 14 luzeko bide horrentzat 9a+ proposatu du. Puntu gorria jartzeko 9 ordu behar izan zituen.

Antza denez, Edu Marinek eskandinaviar mitologia atsegin du. Bederen, bere azken jardueran erreferentzia zuzenak daude. Eskalatzaile katalanak Txinako Getu eskualdean, sei hilabetez, sabai erraldoi batekin borroka handia izan du. Lehenik eta behin, balizko bide bati zirrikituak bilatzen jardun zuen. Eta, azkenean, emaitza honako hau izan da: 380 metro eta 14 luze. Izena: “Valhalla”. Hots, gerlari edo einherjarak guduan hil ondoren doazen gotorlekua. Bikingoek bezala, sutsu borrokatu da. Lehen emaitza esku artean zuela, bigarren bat biribildu behar zuen. Eta hori joan den martxoaren 20an lortu zuen. Bederatzi orduko lanaren ondoren “Valhalla”-ri puntu gorria jarri zion. Eta harentzat 9a+ proposamena egin du.

Jakina, hedabide guztioi onartu digunez, pozarren dago egindakoarekin. Eta modu batera edo bestera, helarazi nahi izan digu bikingoek bezala, ohore handiz, paradisu horretan sartu dela. Ez dago zalantzarik Marinek eskalada munduan ezagutzen den munduko sabai handiena zabaldu eta kateatu duela. Zoritxarrez, izaera horretako aktibitate bat egiten denean, konparazioak bat-batean iristen dira. Batzuek diote hormatzarretan eskalatu den biderik gogorrena dela; besteak beste, Yosemiteko Kapitainen dagoen “Dawn Wall”-i (9a) ohore hori kenduz. Beste batzuek baieztapen hori zalantzan jartzen dute. Eta kontrako iritziak badira.

Ohiko polemika antzuak alde batera utzita, katalanak argi eta garbi utzi du ekintzaile sutsua izateaz gain, langile fina dela. Batetik, irudietan ikusten den Getuko arku horretan ekipatzen jardutea gogorra delako oso. Eta bestetik, sabai erraldoi hori era librean eskalatzea muturrekoa delako. Eskalada horizontala, alegia. Denera, bederatzi ordu eskalatzen igaro zituen 14 luze horiek sinatu ahal izateko.

Eta datuek ez dute gezurrik esaten: Marinek sei hilabete behar izan ditu “Valhalla”-ren lan guztiak biribildu ahal izateko. Jakina, xede horretan ez da bakarrik izan; besteak beste, bere aita eta anaia ondoan izan ditu.

Aurreratu dugu, gehienez, 9a+ gradua duela, baina gehitu behar dugu ere zailtasunean oso iraunkorra dela. 9a+ horretaz gain, katalanak bi 8c+ gainditu behar izan ditu. Hori gutxi ez, eta zortzigarren gradutik gorako hamar luze jarraian eskalatu behar izan zituen. Eta berriro azpimarratu behar dugu: sabaian eskalada horizontala nagusitzen da. Orduak eta orduak horretan jardutea, hots, buruz behera beste dimentsio bat da.

Bestalde, esan behar dugu Marinek eta enparauek lan eskerga egin badute, emaitza ia-ia zintzilik geratu zela. Eurite sasoia heltzear zen. Baina, zorionez, badirudi eguraldiak “gerlari” horren lana ontzat eman eta azken aukera eman ziola. Eta Marinek “ohore” handiz iragan martxoaren 20a aprobetxatu eta “Valhalla”-n sartzea lortu zuen. Horretarako, 14 luze kateatu behar izan zituen; besteak beste, “Odin´s crak” (9a+), “Thor” (8c+) edo “Valkirias” (8c+). Berriro ere, eskandinaviar mitologiari keinu eginez.

«Oraindik ez du asimilatu»

Arestian aipatu dugu eskualde horretan euriteen sasoia ate joka zegoela. Beldur hori gainetik kendu ezinik, lerrootako protagonistak jo eta su jardun zuen. Bisaren epea agortzear zela, kezka gero eta handiagoa zen. Gainera, “Valhalla” kateatu aurreko saioetan ere euri asko egin zuen, eta arkua edo sabaia erabat blai zegoen. Alabaina, ez zuen etsi, eta ezin zuenean eskalatu, entrenatzeari ekiten zion. Egun horietako batean, txiripaz edo ez, egoera aldatu egin zen: «Zorionez, puntu gorriaren bezperan, haizete indartsuek arkua lehortu zuten. Goizeko 7etan behin betiko saioari ekin nion; bederatzi ordu beranduago ‘Valhalla’ neureganatu nuen. Luze gogorrena (bosgarrena) eskalatzen ari nintzela, esku batek irrist egin zidan. Zorionez, bigarren ekinaldian askatu nuen. Hori gainditu ondoren, 8c+ graduko lehen luzean (bidearen zortzigarrena) sartu nintzen. Bero egiten zuen, baina haizeak sentsazio hori baretu zuen. Baldintza egokiak ziren. Luze hori lehen giltza bezala hartu nuen, besteak beste, nekatzen hasi nintzelako. Hamabigarren luzea (hau ere 8c+) lehen saioan sinatu nuen. Zailtasun gogorrenak gainditu nituen, eta aurretik geratzen ziren 8a+ graduko bi luzeak, leher eginda banengoen ere, eskalatu nituen. Arratsaldeko lauretan azken bilgunera iritsi nintzen. Lurretik eginiko hirugarren saioa zen, eta horrekin ‘Valhalla’-ren proiektua amaitu nuen».

Duela bi urte amets hori forma hartzen hasi zen, eta sei hilabete jo eta su jardun ondoren xedea bereganatu du: «Batzuek esan didate historia egin dudala. Nik oraindik ez dakit zer esan; izan ere, egin dudana ez dut oraindik asimilatu. Getuko sabai horrekin asko amestu dut. Xede bezala hartu ere bai, eta momentuz uste dut amets bat egia bihurtu dela. Ez da helburu erraza izan, zabaldu, ekipatu eta puntu gorria jartzeaz gain, sei hilabetez etxetik oso urrun jardun dut. Txinan etxean bezala sentitu naiz, baina ez da berdina. Zorionez, aita eta anaia ondoan izan ditut. Anaia hilabete eta erdi nirekin egon zen; hain zuzen ere, bidea ekipatzen. Eta aitak, berriz, sei hilabete horiek nirekin egin ditu. Biek eginiko borroka izan da, aitari esker ‘Valhalla’ errealitatea da. Egoera sinestezina izan da».

Hori da Marinek dioena, baina argi geratzen da datu objektiboek aipatutako guztia baieztatzen dutela. “Valhalla”-ren ibilbidean sortutako hamalau luzeei begiratzea besterik ez dago: 7b+, 7a, 8a+, 7c+, 9a+, 8b+, 8a, 8c+, 8a+, 8b, 8a+, 8c+, 8a+ eta 8a+. Hori luzeen graduari dagokionez. Metroetan, berriz, 120 bertikalak dira (lau luze), eta 260 (gainerako hamarrak) horizontalak.

Horiek guztiak dira, beraz, “Valhalla”-ren datu adierazgarrienak. Beste bat ere gogora ekarri nahi dugu. Luze gogorrena 9a+ da, eta hori luze askotako hormatzar batean ez da inoiz ikusi. Batzuek esango dute hormatzarretan kateatu den munduko bide gogorrena dela. Denborak esango du.