05 ABR. 2019 Kolpeka eraiki eta deseraikitako laguntasunaren kontakizuna Zinema komertzialera iritsi baino astebete lehenago, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu da «Soinujolearen semea», Bernardo Atxagaren eleberriaren zinemarako egokitzapena. Fernando Bernues zinemagile donostiarrak eraman du pantaila handira eta, gatazkaz diharduen filma baino gehiago, laguntasunaren gai unibertsala jorratzen duen pelikula dela esan zuen. Atxagak, gatazkak orbandutako laguntasuna izan zuen hizpide. Amalur ARTOLA DONOSTIA «Orain dela 17 edo 18 urte liburu hau bukatu nuenean, gogoratzen naiz nola Sestaon nengoela eraikin bat eraitsi zuten altzairuzko bola ikaragarri batekin eta deigarria egin zitzaidan barrura sartu eta ikustea dena mugituta. Pentsatu nuen liburuari mezu bat eranstekotan etxe horrek ematen zidan hori zela: gure lurraldean, azken ehun urteak izan dira altzairuzko kolpeak eman balizkiote bezala, etxea eta barruko guztia mugitu zaizkio eta liburuan ikusten da gogorkeria, biolentzia, errepresio hori, zer egin izan den familiekin, kalean, jende xumearekin. Pelikulak areagotu egiten du mezu hori, bi lagunen kontaera bihurtu du [Fernando Bernuesek] eta horrek are gehiago sartu du barrurantz kontakizuna». Metafora hori erabilita azaldu zuen Bernardo Atxagak zer sentipen izan duen “Soinujolearen semea”, berak orain ia hogei urte idatzitako eleberria, pantaila handian ikustean. Fernando Bernues zuzendari donostiarrak zuzendu du filma eta, Durangoko Azokan aurrestreinatu eta Huelva eta Nanteseko zinema jaialdietatik pasata, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian ikusi ahalko da gaur (prentsarentzat pasea atzo izan zen), hurrengo astean zinema komertzialera iritsi aurretik. Atxagak aipatzen duen kolpekako deseraikitze horrek zeharkatzen du filma. Hiru denbora narratibotan banatuta, filmak 36ko Gerraren ondorioetatik XXI. mendearen hasierara arteko Euskal Herriko errealitate soziopolitikoa du ardatz eta kontakizuna David eta Josebaren begietatik kontatzen da: haurtzarotik lagunak dira Obabako bi bizilagun hauek eta gatazkaren testuinguruan bide ezberdinak hartzea erabakitzen dute. Atxagak aipatzen duen altzairuzko bolak arrakalak sortuko ditu euren harremanean, eraikitze eta deseraikitzeak biziko dituzte, baina, batez ere, iraganeko mamuak goiz ala berandu etorkizunean agertu egiten direla uzten du agerian filmak. «Bi lagunen istorioa da –jarri zuen azpimarra Bernuesek–, egia da nobelak adar asko dituela baina Patxo [Telleria, gidoigilea] eta biek laguntasun horretatik agerraraztea erabaki genuen. Davidek kolpe gogorra jasotzen du bere aitaren iragan kolaborazionistaren berri duenean edota Lubis hiltzen denean, inpaktu horien bidez eraikitzen da nobela, eta Davidek erakundean militatu eta ETAn sartzeko ahalegina egitea ere bada beste inpaktu horietako bat». Atxaga zein Bernues kontziente dira filma laguntasunaren ikuspegitik landu nahi izan bada ere gatazkaren fokupean jarriko dutela askok, eta horren arabera epaitu. «Orokortzea ezinezkoa da. Gertatu den hori, gertatzen ari dena eta gertatuko dena oso modu ezberdinean bizi dugu gutako bakoitzak», esan zuen Atxagak, eta literaturak eta zinemak bizipen horien atzean dauden emozioetan eragiteko gaitasuna dutela nabarmendu zuen: «Arteak erreakzioak sortzen ditu, batzuk haserretu egiten dira, besteak emozionatu... Uste dut heltzen dela une bat non argitasuna bilatu behar den, minetik harantzago joan behar den, eta agian niri iritsi zait une hori», esan zuen. Zentzu horretan, iraganeko mamuen berragertzeari egin zien erreferentzia Bernuesek. «Bada isiltasun bat bi lagunen artean eta espero ez dutenean iragana sartzen da euren bizitzan, ez die balio lurra bota eta hura ez harrotzearen formulak. Uste dut nork bere bizipen eta pertzepzioei lotuta egingo duela filmaren irakurketa, bertsioak infinituak izan daitezkeelako, hau hemen dago eta norberak bere kabuz pentsa dezala zer den ikusi duen hori», esan zuen. «Pentsa Gernikarekin zer pasa zen», gaineratu zuen Atxagak. Gogora ekarri zuen bonbardaketa gertatu zenetik hiru hamarkada igaro behar izan zutela «Gernika bonbardatu zutenak naziak izan zirela» esan ahal izaterako. «Egon ziren bertsio bat gainean eta bestea azpian, eta gatazkarekin gauza bera gertatuko da. Aizu, ba nork berea. Guk ere gure bertsioa eman behar dugu», aldarrikatu zuen. Bernues “bertsio” horrek etxetik kanpo izan duen harreraz jardun zen. Izan ere, Huelva eta Nanteseko jaialdietan eman da filma. «Ni Huelvan harrituta geratu nintzen publikoaren harrerarekin, agian ezerosoa izan zitekeenaren sentsazioarekin edo epelkeriaz har zitekeelako ustearekin joan nintzen, eta ez. Eta Nantesen publikoa seduzitua ikusi nuen, bi gazte horien mekanismoak ulertzen. Baina ziur irakurketa ezberdinak daudela», eta antzerkirako bertsioa estreinatu zutenean gertatua ekarri zuen gogora: «Madrilen aurkeztu genuenean, ‘ABC’k ‘ETA llega al centro nacional del teatro en vasco’ titulatu zuen... Etor daitezke halakoak, baina adibidez kazetari espainol batek esan zidan terroristak munstro bezala ikusi dituela beti, eta harritu egin dela irudi horren atzean pertsonak aurkitu izanaz». «Urruntasunak egiten du hori –sartu zen Atxaga–. Urruntasunak estereotipoak indartzen ditu. Zenbait kulturatan atzerritarra beti da etsaia. Baina gertutasunean estereotipo horrek kale egiten du, Mireia edo Rikarteren begiak ikustean, haien ahotsa entzutean, zerbait zehatza bihurtzen da». Oholtzatik pantaila handira Hain zuzen, Mireia Gabilondo eta Iñaki Rikarte izan ziren prentsaurrekoan, euren paperez mintzatzeko. Biek hartu zuten parte Bernuesek zuzendutako antzerkirako bertsioan, eta filmazioa «oso naturala» egin zaiela esan zuten. «Umetatik gaztarorako eta zahartzarorako bidean gauza asko gertatzen dira eta pelikularekin pauso bat gehiago eman dugu –aipatu zuen Gabilondok; Carmen da filmean, Daviden ama–. Uste dut emakume askok gauza asko gorde egin dituztela barruan. Gizonek bazuten horiek partekatzeko espazioa, baina emakumeak etxean zeuden. Nire pertsonaiaren esaldi ederrena ‘David, ez zaitez politikan sartu’ da». Rikartek Joseba nagusiaren papera egiten du: «Oso gauza kuriosoa gertatu zait. Antzerkian Joseba gaztea nintzen eta Aitor Beltranek [David nagusia] esaten zidan gurea oroitzapen eta irudipen ariketa bat zela; oraingoan lan hori ez dugu egin, oholtzan egina genuelako. Baina pentsatzen dut Davidek Josebaren pertsonaia salbatzen duen bezala Aitorrek aktore bezala ni salbatu nauela». KOLPEKA Atxagaren hitzetan, «gure lurraldean, azken ehun urteak izan dira altzairuzko kolpeak eman balizkiote bezala, etxea eta barruko guztia mugitu zaizkio eta liburuan ikusten da gogorkeria, biolentzia, errepresio hori. Pelikulak areagotu egiten du mezu hori». HARANTZAGO «Arteak erreakzioak sortzen ditu, batzuk haserretu egiten dira, besteak emozionatu... Uste dut heltzen dela une bat non argitasuna bilatu behar den, minetik harantzago joan behar den, eta agian niri iritsi zait une hori», esan zuen Atxagak. IRAGANA Iraganeko mamuen berragertzeari egin zien erreferentzia Bernuesek. «Bada isiltasun bat bi lagunen artean eta espero ez dutenean iragana sartzen da euren bizitzan, ez die balio lurra bota eta hura ez harrotzearen formulak». IRAKURKETAK «Uste dut nork bere bizipen eta pertzepzioei lotuta egingo duela filmaren irakurketa, bertsioak infinituak izan daitezkeelako», berretsi zuen zuzendari donostiarrak.