Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

%3ko politika

Victoria Eugenia antzokiaren parean daude, pankarta eskuetan. Eneko Goia alkatea agertu orduko, oihuka hasi dira. Mila bider errepikatu den zeremonia da: herritar talde bat, talde desesperatu bat seguruen, agintari jaunarekin hitz egiteko aukera guztiak agortu ondoren, protestaren bide soila hautatu izana. Soila, primarioa, basa, dotoreziarik gabea, txikia, kamutsa. Arloteak dirudite manifestariek, alkate jaunaren aldarte irmo eta tentearen eta haren arropa garestien ondoan. «Lo egin nahi dugu!», diote manifestariek. Dirudienez, Donostiako metroa eraikitzeko presagatik (hauteskundeak ate-joka datoz!), gauez ari omen dira lanean. Lanek, noski, loa eragozten diete bizilagunei. Baina, izan gaitezen zintzo: nori axola zaio bizilagun dei dezakegun ente distirarik gabeko bat, bulego baten beroan halako erabakiak hartzen direnean? Inori. Ikusi genuen abiadura handiko trenarekin, ehunka lagun etxe-gabetu zituzten, ikusi genuen erraustegiarekin, milaka lagun zaborraren kea arnastera kondenatuta. Politika amaitu da, dena da enpresa interes, mozkin, egunkarietako goiburu, demagogia dosi txiki bat, orfidal batzuk eta lotara (ahal duenak behintzat!). Kalkulua erraza da: izan daitezela kaltetuak gutxi batzuk eta gainerakoek pentsa dezatela, pankartarekin oihuka ikusten dituztenez, arlote erradikalak besterik ez direla. Bitartean, %3 patrikara, eta segi aurrera.