Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Baskonia eta GBC, garaipen bila beren arrazoiei segika

Moskura joan aurretik Andorra hartuko dute gasteiztarrek. Donostiarrek Nou Congost zailean dute erronka.

«Bakoitzak bere arrazoiak ditu», esan ohi zuen Jean Renoir zine zuzendari frantsesak, eta norberaren arrazoiei men eginez jokatuko dute gaur arratsaldean Kirolbet Baskoniak –etxean, 18.00etan hasita, MoraBanc Andorraren aurka– eta Delteco Gipuzkoa Basketek –Baxi Manresaren kantxan, 20.30ean–.

Ordena kronologikoari jarraituz, arin eta minik hartu gabe jokatzea bilatuko du Baskoniak Ibon Navarrok zuzentzen duen Andorraren aurka. Irabaziz gero, gasteiztarrek ACB Ligako play-offetan lekua bermatuko dute, baina are garrantzitsuago izango da inork ere minik ez hartzea, datorren astean Moskuko CSKAren aurka Euroligako final laurdenetako partida bi jokatu beharko baitituzte. Ondorioz, Tornike Shengelia bezalako jokalariek minutuak izan beharko lituzkete; georgiarraren kasuan, hiru hilabetez jokatu ezinik egon ostean, joko puntu onena berreskuratzeko helburuarekin.

«Konfiantzaz gainezka itzuli naiz», esan zuen atzo hedabideen aurrean Kirolbet Baskoniako kapitainak. Shengeliaren hitzetan, «hiru hilabete hauek gogorrak egin zaizkit, baina orain entrenamendu eta neurketetan oso ongi aurkitzen naiz. Jokoaren erritmoa hartzeko, ordea, minutuak eta partidak behar ditut». Bide batez, Andorra aintzat hartzeko eskatu zuen hegal-pibot georgiarrak. «Ibon [Navarro, Baskoniako teknikari izana] oso entrenatzaile ona da eta gogoan izan behar da batetik, aurreneko itzulian irabazi egin zigutela, eta, bestetik, Andorra ere play-offetan sartzeko borrokan ari dela. Bada, ezinbestean partida gogorra izango da».

MoraBanc Andorra uneotan bederatzigarren lekuan dago, 13-13ko balantzearekin, hau da, justu aurretik dituen Manresa, Zaragoza eta Joventut baino garaipen bat gutxiagorekin.

Manresan ere «beste final bat»

Datuok ikusita, esan gabe doa Delteco Gipuzkoa Basketen aurkaria ez dela badaezpadakoa. Inor gutxik espero zuen Manresak, Urrezko LEB Ligatik igo berritan, zortzi onenen artean sartzeko halako latarik emango zuenik. Baina hala da; Joan Peñarroya entrenatzailearen eskutik katalanak denboraldiko sorpresetako bat izaten ari dira. Ezin, ordea, Gipuzkoa Basketek arerioen miresmenean denborarik galdu. «Manresako partida guretzat beste final bat da», laburbildu zuen Sergio Valdeolmillos donostiarren entrenatzaileak komunikabideen aurrean gaurko neurketaren garrantzia.

Joan den asteburuan gipuzkoarrak 29-53 galtzen egotetik 93-92 irabaztera pasa ziren. Alabaina, Manresaren defentsa ez da Estudiantesena bezain hauskorra izango. Horregatik, «ongi hasteari» egundoko garrantzia eman zion andaluziarrak. «Nou Congost pabiloia txikia eta gogorra da aurkarientzat. Horri aurre egiteko lehen unetik bertatik ekin behar diogu lanari aukerak izateko», esan zuen.