22 ABR. 2019 ZIRIKAZAN Perfektua, ia Josebe EGIA Korrika bukatu berritan, Gasteizen eguzkiak ez ezik hara joandako guztiok ere eragindako berotasunean ederki ospatu ostean, arduradunek zein era guztietako kolaboratzaileek zein askotariko parte-hartzaileek zein mezu-egileak zein AEK osoak zalantza barik merezi genuen moduan, biharamunean zoriontsu agertu zen prentsaurrekoan Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea. Korrikaren arduradun nagusi Asier Amondok hartu zuen hitza, batetik, adierazteko ekimena inoizko arrakastatsuena izan dela; bestetik, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak, zeinak garrantzitsuena azpimarratu zuen: klika egin dugu beste fase batera, euskara herri honen sistema eragilean txertatuko dugun fasera, milaka norbanakok eta erakunde askok, konpromisoak hartuta, aurrerantzean gauzatu beharreko konpromisoak. Nola argi dago, Maialen Lujanbiok labur eta zehatz adierazi du mezuan: norbanakook eginez, herri-mugimenduek eraginez eta erakundeek eginaraziz. Bikain eta egundokoa guztia, neuk ere halaxe sentitu dut bai lasterketa egin edota ikusi bitartean, bai azken eguneko ospakizunean, bai bestondoan. Laburbilduta, euskaldunok justiziazko ekimenak antolatzen hasten garenean, ekimenik eroenak izanda ere, kristorenak garela, parekorik gabeak, arrotzat gaituztenentzat erabat inbidiagarriak. Txalo-zaparrada beroa guretzat, besterik ezin da eta. Horregatik guztiagatik halako sastako bat Korrikaren berriemaile berezia izan den kazetari baten kronikan hitz hauek irakurtzean: «nabari da gizonen parte-hartzea handiagoa dela Korrikan, eta batez ere lehen ilarako lekuak gehiago hartzen dituztela; (...) Gaia aztertzekoa du AEK-k, desoreka gainditzeko asmotan». Hark, “Berria”-ko Garikoitz Goikoetxeak, bere lana behar den moduan egingo bazuen, lupaz begiratuko zien ekimenaren alderdi guztiei, buruari eta, batez ere, bihotzari hotz eusten ahaleginduta. Esparru guzti-guztietan, denetan justizia soziala bermatuko badugu, sistematikoki txertatzeko dugun genero-ikuspegia ez zuen ahaztuko; alde horretatik ere begiratuko zion Korrikari kilometroz kilometro, eta mugimendu kolektiboan, euskaldun askoa izan arren, oraindik itzalak –hain transbertsalak– egon badaudela gogoratu digu, ez gure zoriona zapuztearren, baizik eta Korrika ere badelako gure jendartearen isla garbia... eta nola ez, bada, pertsonok osatzen dugunez gero. AEK bera bezala, pentsatzen jarrita, prentsaurrekoan emakumezko ahots bakarra egon baitzen, koordinatzaile nagusiarena, bai, baina bakarra. Deigarria, ezta?