24 ABR. 2019 JO PUNTUA Sri Lankako krisiak eztanda egin du Mikel Aramendi Kazetaria Hitz joko merkea baino gehixeago izan behar luke. Pazko egunean Kolonbo, Negombo eta Batticaloako hotel eta elizetan egindako sarraskiak, ez beste ezerk, lortu du egungo munduko krisi politiko larrienetako bat, ordu batzuetarako bederen, lerroburu nagusietara ekartzea. Aspalditik irakinean zegoen arren. Baina nori axola zion Sri Lankak? Bidenabar, bonba horiek erakutsi dute zein gauza eskasa den gure mundu hiperkonektatuaren informazio-ahalmena gobernurik ahulenak (agian, asmorik onenarekin), hedabide digitalen, sare sozialen eta gainerakoen itzalgailua sakatzen duenean. Oso deigarria izan da lehen ordu/egunetako informazioaren urritasuna. Eta, informaziorik ezean, gertaeraren testuingurua bederen irudikatzeko egin diren ahaleginak, penagarriak, batzuetan. Informazioaren aroan bizi garela? Tira... Atentatu-segida hori Sri Lankak iazko urritik irakinaldi betean, eta duela urte askotatik bero-beroan, bizi duen krisi politikoaren ondorio zuzena noraino den ikusiko dugu datu zehatzagoak mahairatzen direnean, egileei eta abarrei buruz. Baina oso argi dago jada alderantzizkoa: eragin zuzena, eta latza, izango duela sarraskiak krisi horren etorkizunean. Krisi politikoaren hiru erpinak, Ranil Wickremesinghe, lehen ministroa (hirugarren aldiz); Maithripala Sirisena, presidentea; eta Mahinda Rajapaksa, oposizioburua eta presidente ohia (hiru aldiz) kokatu dira jada sarraskiaren aurrean ere. Lehen ministroak presidente eta indar armatuen buruzagi den Sirisenari leporatu dio atentatuak gertatzear zeudelako albistea ezkutatzea; ikusiko dugu salakuntzak horretan geratzen ote diren. Orain presidentearen aliatua den Rajapaksak, aldiz, boterea bere eskuetara itzul dadin besoak zabaldu ditu. Beharbada, hori izan zitekeen atentatugileen deliberoa. Bitartean, inguruko hiru potentziak India (hauteskundeetan oraintxe bertan), Txina (gero eta sendoago finkatuta Sri Lankan) eta Pakistan , eta askoz urrutiagoko Estatu Batuak, begira. Begira bakarrik? Presidentearen aliatua den Rajapaksak, aldiz, boterea bere eskuetara itzul dadin besoak zabaldu ditu. Beharbada, hori izan zitekeen atentatugileen deliberoa