GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Seme-alaben argazkiak argitaratzeaz


Orain arte, ez da hain haurtzaro publikoa izan duen belaunaldirik izan. Urteak aurrera joan ahala, gero eta gehiago dira ia jaiotzatik sarean aztarna digitala duten haurrak. Batez ere Facebooken. Eta hain bilakatu denez arrunta, Collins hiztegi britaniarrak 2016an bere egin zuen: sharenting. Share (partekatu) eta parenting (haziera, hazkuntza) hitzen loturatik dator.

Argitaratze horiek, batez ere, eta modu intentsuan, haurraren lehen 24 hilabeteetan egiten dira. Garai oso aldakorrak dira haurrarengan. Lehen aldiz egiten du barre. Lehen aldiz katuka. Lehen aldiz mozorrotu dugu. Lehen aldiz dabil hondartzan. Lehen aldiz hartu du edalontzia bere kabuz. Dena lehen aldiz. Eta hain sentitzen gara harro eta pozik, lehen aldi hori partekatu egiten dugula. Gure emozio horiek besteei erakusteko beharra asetzen dugu horrela. Behar naturala da, hein batean. Presio soziala ere izango da, beste batean.

Pribatutasuna errespetatuz argitaratzea gomendatzen dute adituek: haurren aurpegiak ez agertzea, partekatzerakoan geolokalizazioa desaktibatzea eta pribatutasun ezarpenak zaintzea. Baina erabakia gure esku geratzen da, haurrak gaitasuna edota aukera izan arte. Egia esan, ez dakit zer sentitu eta pentsatuko nukeen nik neuk, 14 urte bete berritan, aurrez nire gurasoek nire argazki andana argitaratu izan bazuten. Artean pentsaezina zen sharentinga. Eta oraindik ere, sharentingaren benetako eragina neurtzeko nahikoa urte ez direla igaro esango nuke. Baina iruditzen zait, eragin hori, mugikorrekin eta sare sozialekin hazi eta hezi den nerabe bakoitzaren nortasunaren araberakoa izango dela. Hau da, gurasoek ezingo dutela jakin haur horrek etorkizunean nola ikusiko duen bere aztarna digitala guk geuk sortu eta elikatu izana.

Eta ziur aski, ez da eragin kaltegarririk egongo. Baina argazkiak partekatzearekin batera, desafio etiko bat azaleratzen da. Eta ez dago soberan haurraren pribatutasun eskubidearen gaineko kontzientzia hartzea. Funtsean, erabakiak gureak badira ere, pribatutasuna norberarena delako. Eta nortasuna ere bai.