Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Entrevista
EIDER RODRIGUEZ
IDAZLEA

«Idazlea izaki unibertsala eta sexurik gabekoa da itxuraz, baina denok dakigu zer duen hankartean»

Kate beraren bost begi dira Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio eta Uxue Alberdi, idazle izatea emakumezko gorputzetik bizi dutenen lagin bat. Aurkezpen txartel gisa gorputz hori eramateak eman eta kendu dienaz hausnartu dute Eider Rodriguezekin.

Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio eta Uxue Alberdi. Bost idazle, emakumezko gorputz banatan bilduta; emakumezko bezala irakurriak, idazle bezala irakurriak izan aurretik. Horretaz, emakume izateak euren idazle izatean duen eraginaz galdegin die Eider Rodriguezek eta “Idazleen gorputzak. Egiletasuna ezbaian literaturaren joko zelaian” (Susa-Lisipe) lanean bildu ditu idazleon hausnarketak.

Nola ohartzen zara zu zeu emakume izateak baduela eraginik zure idazte izatean?

Ba, ez pentsa hasiera-hasieratik konturatu nintzenik. Alderantziz. Hasieran uste nuen idatz zitekeela gorputzik gabe eta, gainera, nire testuak irakur zitezkeela gorputzik gabe ere. Berehala konturatu nintzen hori fantasia bat zela, ze esparru literarioa ez da bakarrik testua: testutik aparte daude idazteko denbora, idazleak egiten dituen elkarrizketak, elkarrizketetan galdetzen diotena, beste idazleekin ibiltzen denekoa... Orduan, gorputza beti dago presente.

Lehenik, konturatu nintzen haserretu egiten nintzela nire literatura ‘femeninoa’ ote zen galdetzen zidatenean, baina ez nuen zergatia ulertzen. Urte dezente kosta zait kontziente izatea zer neurritaraino eragin didan niri gorputzak, eta erabaki nuen beste idazle batzuei ere galdetzea non, nola, zergatik eta zer neurritaraino eragin dien.

Bost emakume, bostak aurrez ezagutzen zenituenak. Elkar ezagutzea lagungarria izan da?

Nahi nuen hamarkada ezberdinetan jaioak izatea, hiru liburutik gora argitaratuak izatea garai ezberdinetan eta egingo nizkien galderen aurrean maskara kentzeko prestasuna aurreikustea. Bost hauek aukeratu nituen, baina egia esan beste askori elkarrizketa egiteko gogoz geratu naiz. Azkenean, hau lagintxo bat da, hurbilketa bat.

Ez da kasualitatea idazle bakoitzaren atala haren deskribapen fisikoa emanez hasi izana.

Ez, ez da kasualitatea. Inposiblea da irakurtzea testu bat testu horren kanpo faktoreak kontuan izan gabe: nork idatzi duen, idatzi duen hori nola janzten den, nori uste dugun ematen diola botoa, zer lagun dituen, zer garaitan argitaratu duen, zer klase ekonomikokoa den... Eta itxura. Gure itxura hizkuntza bat da eta interesgarria iruditzen zitzaidan elkarrizketatzailearen galbahetik pasatzea beraien irudia ere, nik, kanpotik –ez fisikoa bakarrik– nola ikusten nituen edo zer ezaugarri nabarmenduko nituzkeen ikustea. Nire kokapena beraien irudiarekiko, hori jartzea abiapuntuan.

Urrun daude emakumeek gizon izenez edo senarren izenpean argitaratzen zuten garaia baina, hala ere, bostek aitortzen dute uneren batean eduki dutela euren emakume gorputzetik urruntzeko beharra.

Bai, hala da. Eta hor kronologian aldaketa bat ikusten da, ze adibidez Arantxa Urretabizkaiak eta Laura Mintegik modu nabarmenean esaten dute ilusio hori izan dutela, gorputz gabe idatz zitekeela, eta buruaren eta gorputzaren bereizketa oso nabarmena egiten dute. Gertatzen da emakumezko idazle bat plazara irteten denean sartzen ari dela esparru batera nolabait ez dagokiona. Historikoki, emakumeek idatzi dute pseudonimoarekin, editorearekin gutun bidez jarri dira harremanetan pentsa zezaten gizonezko batekin ari zirela, inizialekin sinatu dituzte liburuak... estrategia asko erabili dituzte editore, irakurle eta kritikariek pentsa zezaten hura ez zela emakume bat, baizik eta idazle bat. Unibertsaltasun horrekin egin dugu amets mendeetan zehar. Egun ez da hori gertatzen, baina galdetzen dizute, adibidez, ‘zure literatura femeninoa da?’ [besoak goratu ditu]. Badaude hor mekanismo batzuk testuinguruan daudenak eta horren aurrean denok hartzen dugu postura bat, postura literario bat, eta hori transmititu egiten da. Batek egin dezake enfant terriblearena, besteak humanista tolerante eskuzabalarena, besteak piperrarena... Gu ari gara adierazten zerbait gure posturaren, jantzien... bidez, idatziz esaten ez duguna. Eta genero zapalketa horren aurrean ere postura bat hartzen dugu.

Urretabizkaiaren kasuan arreta ematen du «Zergatik panpox?» saritua izan arte ez ziola inori esan idazten zuenik eta gaur egun ere «tarteka idazten duen pertsona» gisa deskribatzen du bere burua. Nork eta Arantxa Urretabizkaiak. Zer behar du emakume batek idazle estatusa baduela sinesteko?

Hor ikusten da nork ematen duen legitimitatea zuk zeure buruari ‘idazle’ dei diezaiozun. Idazle kanonikotzat dugu Arantxa eta berak ‘tarteka idazten duen pertsona’ dela dio... Generoari oso lotutako adierazpena da ze, ikusten baduzu, denek aitortu diote nahiko berandu idazle izatea euren buruari eta beti gizonezko baten gonbidapena iritsi denean gertatu da. Arantxaren kasuan, ez du esaten idazle denik, baina noiz hasi zen argitaratzen? Ibon Sarasolak eta Ramon Saizarbitoriak bultzatu zutenean. Eta Miren Agur Meabek urteak eman zituen idazten baina Gorka Arresek argitaratu nahi zuela esan zion arte ez zion bere buruari ‘idazlea zara’ esan. Laura Mintegiren kasuan ez dut gogoratzen nor izan zen...

Laura Mintegik kontatzen du etxean ez dizkiotela eleberriak irakurri ere egin...

Hori da, etxean bertan praktikatzen zen ukazio hori. Karmele Jaiok argitaratzen hasi aurretik ‘urtetako entrenamendua’ egin zuela aipatzen du eta Uxue Alberdiri iritsi zitzaion Harkaitz Canoren gutun bat: ‘hemen irakurle bat daukazu beraz zu idazle zara’. Canok berak idazletzat zuen bere burua idazten hasi aurretik, baina hori gizonezko idazleen kasua da. Emakume idazleen kasuan beti dator kanpotik, oso gutxitan ezartzen dio norberak idazle aitortza hori bere buruari eta askoz beranduago etorri ohi da, gainera.

Gorputzetik harago ere badoa kontua: emakumezkotzat katalogatu izan diren gaiek ere ez dute interesik. Botanika, kasu.

Gai batzuk femeninotzat hartzen dira eta beste batzuk inportantetzat; femeninoaren ifrentzua litzateke garrantzitsua, merezi duena, eta gaien hierarkizazio horrek eragiten digu: zer neurritaraino ematen digute baimena idazteko gogoak ematen digunari buruz jakinik emakumezkotzat hartzen diren gaiak garrantzi gutxiagokotzat joko direla literaturaren esparruan? Zer pisu du horrek idazlearengan? Urretabizkaiaren kasuan, barre egin zioten irratian esan zuenean lorategiak ikustera joango zela, horregatik esaten du ‘barkatu, botanika da’, esan gabe esanez zuenak [gizonenak] ustez diren gai unibertsal horiek bezain inportantea dela loreena, zergatik ez?

Bost idazleak dira ama. Aldagai inportantea zen zuretzat.

Bai, aldagai inportantea zen ze hemen dauden hausnarketen abiapuntua izan zen amatasuna, zer saritzen den literaturan amatasunari buruz hitz egiten denean. Iruditu zitzaidan bazegoela nahi bat bakarrik saritzeko diskurtso hipernegatiboak, ama abandonikoei buruzkoak, seme-alabak edukitzeaz damutzen direnenak. Horren atzean zer dago? Esparru literarioan saritzen dena da gogorra den emakumea, gordina, iluna, suntsitzailea ere izan daitekeena... Lehen, emakumezko literatura pertsonaiak etxeko aingeruak zirenean femme fatalea sortu zuten, eta amatasunaren diskurtso hiperedulkoratu eta zientzia fikziozko horren kontra mum fatale bat sortu dute. Hori da bidea? Ez, hori da erreakzio bat, filtro horretatik ez pasatzeko nahia. Eta gero ikusten dituzu gizonezko idazle askoren poema liburu, ipuin eta nobela askoz ere melengagoak; emakumezko bati inoiz ez litzaioke utziko hori idazten. Hori musikan oso nabarmena da, abesti hiperñoñoek ondo ematen dute gizonezko bizardunen ahotan baina hori ezin du kantatu emakume batek.

Bostak ohartu dira ama izateak baduela eraginik idazle izatean. Estatus galera edota «merienda usaina» aipatzen dituzte elkarrizketatuek.

Urretabizkaiak hamar urtez ez zuen idatzi, Jaiok dio oraindik ez duela berreskuratu kontzentrazioa eta Meabek haurdunaldian oso inspiratua egon zen arren hortik abiatuta idatzitako poemak ez zituen argitaratu bere idazletasunari kalte egingo ziotelakoan. Mintegik hiru lanaldi –irakaslearena, idazlearena eta amarena– uztartu behar izan zituen eta Alberdik ordutegi zorrotzak erabili behar izan ditu idatzi ahal izateko.

Idazlea izaki unibertsala da, sexurik gabekoa itxuraz, baina denok dakigu zer duen hankartean, eta horren beste muturra litzateke emakumezko idazlea. Emakumezko-idazle binomio hori zaila bada, ama izanda doble zaila. Hori argi ikusten dute, Mintegik estatus galera sentitu zuen, Jaiok ez du nahi gehiegi nabaritzea ‘merienda usaina’. Zergatik? Beren testuak irakurtzeko manerari eragingo diolako.

Uxue Alberdik aipatzen du zabaldutako ideia dela emakumezko idazleek merezi duten baino espazio gehiago hartzen dutela, emakume izateagatik. Hala uste duzu?

Bai, bai, dudarik gabe. Eta ez bakarrik Euskal Herrian. Badago emakumezko idazleen boom hori, eta erabiltzen den terminologia ere bada pixka bat belikoa, ‘arrasatzeko’ etorri direla, emakumezko literaturaren ‘apisonadora’ direla... Prentsak erabili izan dituen terminoak dira, guztiz faltsua datuek erakusten duten bezala. Ikerketa oso interesgarriak daude. Literatura anglo-saxoian, adibidez, hainbat historiografia aztertzen dira eta ikusten da aipatzen direla hainbat emakumezko idazle, baina ez direla historiografiara pasatzen. Emakumezkoak badaude baina batzuek besteak ordezkatu egiten dituzte historiografietan eta espazio literarioetan, eta bada urkila bat, %5-11 bitartekoa dela uste dut, kopurua hortik ez da pasatzen. Euskal Herrian, sariak –instantzia legitimatzaileak dira sariak–, testuliburuak, kritikak eta historiografiak ikusita, nabarmena da desproportzioa, askoz gutxiago gara, baina badago gainordezkatua gauden ustea… ba goazen galtzerdiari buelta ematera eta ikustera zer dagoen atzean, hain gainordezkatuta gaudenon ahotsak zer dioen emakumezko gorputz batetik idazteari buruz.

Bada elementu komun bat bost idazleongan: traba guztien gainetik literatura egin dute tematu egin direlako. Zenbat geratuko ziren bidean?

Idazle guztiak tematzen direla uste dut baina, barrez bada ere, batek baino gehiagok aipatu du misioaren kontzeptua, gauza mistiko bezala hartu behar izan dutela oztopo guztien gainetik idazten jarraitu ahal izateko. Egoskorkeria oso nabarmena da bost idazleon kasuan. Zenbat geratuko ote ziren bidean? Ikusi besterik ez dago, sariketetan gaztetxoen portzentaje handi bat neskena da, baina heltzean portzentaje horiek ez dira mantentzen. Bidean geratzen diren horiekin guztiekin zer gertatzen da? Eta zergatik gertatzen da hori?

«Kritikagintzan bada ‘femeninoegia’ dena zigortzeko ahalegin bat, ‘emakumeegi’ denari burua moztekoa»

Prentsaren kasuan, idazleok kazetariei baino «beldur» gehiago diete argazkilariei, ikusiko den horri.

Ezerosoago daude argazkilari baten aurrean. Denek aipatu dute tentsio hori, eta horrek adierazten du zer garrantzi duen argazkian irribarretsu edo postura jakin batean agertzeak, idazle guztientzat. Emakumezkoen kasuan aipatu izan da askotan eskatzen dietela irribarre egiteko, eta baten batek esaten du ez duela imajinatzen argazkilaria Atxagari eskatzen irribarre egiteko. Hor ikusten da nola ikusi nahi diren emakumezko idazleak eta zertarako legitimitatea sentitzen den hori eskatzerako orduan.

Zure kasuan, adibidez, argazkilaririk ez balego ezberdin etorriko zinen elkarrizketara?

Ba, gaur egun nik uste ezetz, baina nire kasuan ile mozkera nabarmenduko nuke: orain luzea daramat baina urteetan eraman dut motzagoa edo neutralagoa, egun oso landuta daukadan zerbait da. Egingo nuke nire ibilbide literarioaren historiografia ile mozkeraz ile mozkera (barreak), bat liburu bakoitzari lotuta. Ba, nik ilearekin dudana beste batzuk dute gonaren tamainarekin, makillaje kopuruarekin edo takoiekin.

Kritikak ere gogor hartu izan ditu emakumezko idazleak. Eta eragin die.

Arantxak bere kritiketan ‘etxeko andretasuna’ nabarmentzen zutela esaten du, Laurak ere bai... Kritikagintzan badago ‘femeninoegia’ den hori zigortzeko ahalegin bat, ‘emakumeegi’ agertzen denari burua moztekoa. Hori askotan ikusten da modu zabarrean eta badaude mekanismo askoz sofistikatuagoak ere. Adibidez, literatura espainolean oso modan dago ‘la guía definitiva sobre la maternidad’ gisako formulak erabiltzea, liburu batek izan ditzakeenean mila gai. Mekanismo sibilino edo sofistikatuagoak erabiltzen dira literatura mota bat azpiratzeko. Ze ez da esatea literatura femeninoa, baina bada. Eta beste gai batzuekin ez da gertatzen, adibidez, ez da esaten ‘el libro definitivo sobre la guerra’. A.A.