GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Jannu mendiko eki aurpegiko kota garaiena lortu dute errusiarrek

Sergei Nilov eta Dmitri Golevtxenko 7.710 metro dituen mendiaren gailurretik 300 metrora geratu dira. Hamabi eguneko eskalada izan da. Jaitsiera hego aurpegitik egin dute: denera, sei egun izan dira. Jarduera osoan eguraldi baldintza gogorrak izan dituzte.


Alpinisten zein eskalatzaileen artean askotan aipatzen da hobe dela igo gabe dagoen pareta edo marra batean saio bikain bat egin, bide soil bat zabaldu baino. Eta hori Jannu edo Kumbharna mendiaren eki aurpegian gertatu da. 7.710 metroko garaiera duen mendi horren ekialdeko aurpegia oraindik igo gabe dago, eta, oso “gutxigatik” bada ere, Sergei Nilov eta Dmitri Golovtxenko errusiarrak egoera horrekin amaitzeko zorian izan dira. Golovtxenkok berak onartu du 7.412 metrora heldu zirela; hots, gailurretik 300 metrora geratu ziren. Beste era batera esanda, alpinistok Jannuren ekialdeko aurpegiaren kota garaiena lortu dute.

Harrigarriena izan da, bestalde, Nilov eta Golovtxenkok igo gabe dagoen pareta horretan eginiko lana. Jarduera horretarako 18 egun behar izan zituzten; horietako sei muturreko jaitsiera baterako. Berri onena honakoa izan zen: kanpaleku nagusira onik iritsi ziren.

Puntu garaiena sinatzeaz gain, aurreratu behar dugu bi errusiarrok estilo alpinoan bide berria zabaldu dutela. Elurteen zein eguraldi iragarpen makurren ondorioz, eskaladari mendiaren hego-ekialdeko ertzean eman zioten amaiera. Protagonistok onartu duten bezala, jaitsiera epikoa izan zen.

Jannu, berez, Nepaleko ekialdean dago; Kanchenjunga Himal izeneko mendilerroan. Mendiaren eki aurpegiak oihartzun berezia izan du betidanik. Lehen lerroko alpinistentzat xede arras erakargarria izan da. Alabaina, askorentzat oso arriskutsua ere. Tentea da bai, baina agian gehien beldurtzen duena horma osoan zehar dauden seracak dira.

Gaur arte egin diren ekinaldiei dagokienez, aurreratu behar dugu den-denak hormaren eskuinaldean egin direla. Beno, bakarra da paretaren erdian eta oso zuzen egin dena, eta hori lerrootako alpinistek lortutakoa da. Saio horien artean esloveniarrak nabarmendu izan dira. 2004an, adibidez, Tomaz Humar bakarka aritu zen, eta, 7.000 metroko kotan zegoela, izotz gogorrak atzera egitera behartu zuen.

Errusiarren ekinaldia, berriz, ezberdina izan da; aurreratu dugun bezala, paretaren erdian eskalatu zutelako. Berez, helburu horretarako hirukote bat osatu zuten: Marcin Tomaszewski poloniarra eta aipatu ditugun Nilov eta Golovetxenko. Bitxia bada ere, behin betiko saioa ekin aurretik, poloniarrak adierazi zuen eskaladan ez zuela parte hartuko. Beraz, ez zuen ezer eskalatu eta kanpaleku nagusian geratzea erabaki zuen. Gogora dezagun Tomaszewski eskarmentu handiko alpinista zein eskalatzailea dela, baina ez zuen oso argi ikusi ekinaldi on bat egiteko oinarria. Poloniarrak horretarako hiru arrazoi eman ditu. Batetik, izaera honetako jarduera batentzat taldea girora ez zegoela egokituta. Bestetik, arrisku objektiboak oso handiak zirela. Eta hirugarrenik, eguraldi iragarpena oso txarra zela.

Poloniarrak esandako guztiari errusiarrek “muzin” egin eta proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Eta poloniarra eskarmentu handiko alpinista dela aipatu badugu, ezin dugu ahantzi errusiarrek ere curriculum izugarria dutela. Bederen, goi mailako eskalada ugari egiteaz gain, oso entzutetsua den Urrezko Piolet Saria bi aldiz irabazi dute; zehazki, Muztagh Dorrean eta Thalay Sagar mendian eginiko jarduerengatik.

18 egun

Nilov eta Golovtxenkori onartu behar zaie irmotasun handia eta lan egiteko gogo izugarria dutela. Eta hori diogu espedizioaren hasiera-hasieratik dena eman behar izan zutelako. Lehenik eta behin, kanpaleku nagusira heltzeko, 100 kilometroko ibilbide gorabeheratsua egin behar izan zuten. Elurteen eraginez, hainbat errepide moztuta zeuden, eta, ondorioz, ibilgailuz egin beharreko tartea oinez egin behar izan zuten. Beste era batera esanda, oinarrizko kanpalekura iristeko komeriak izan zituzten.

Egoera horren inguruan honakoa esan du Golovtxenkok: «Badirudi, mendira hurbiltzeko erabakia nahiko goiz hartu genuela. Negua oraindik joan gabe zegoen, eta eguraldi gaiztoak ondo baino hobeto astindu gintuen. Zamaketariek, adibidez, gainditu behar genuen lepo bat ezin izan zuten igaro. Beraz, bide alternatibo bat hartu genuen. Oinez egun gehiago egin genituen, baina, kota baxuetatik joan ginenez, girora ez ginen behar beste egokitu».

Kanpaleku nagusia 4.800 metrora antolatu zuten, eta martxoaren 15ean hura utzi eta saioari ekin zioten. Eskaladaren lehen hiru egunetan eguraldia lagun izan zuten. Glaziarra gainditu eta 5.300 metrora heldu ziren. Ondoren, elur aldats tenteak eta mistoko tarteak eskalatu zituzten: 6.300 metrora zeuden, paretaren giltzan edo helburu nagusian, ekialdeko murrua diagonalean mozten duen kanal baten oinarrian. Korridore horrek hego-ekialdeko ertzera eramaten du.

Golovtxenkok dio aurreikusita zuten marra zela: «Aztertutako bide guztien artean hori hautatu genuen. Hala ere, amaiera ez da guk aukeratutakoa izan; izan ere, gailurrera daraman azken murrua oso zaila zen. Hori ikusita, hego-ekiko ertzera abiatu ginen. Baina puntu horretan ohartu ginen tontorra erdiesteko aukerak ez genituela. 7.412 metroko kota lortu genuen. Oro har, aurreratu dezaket guk eskalatuko bidearen ezaugarri nagusiak elurra eta izotza direla. Arrokazko pareta asko saihestu genituen».

Arestian aipatu dugun korridorean zirela, eguraldiak txarrera egin eta denda barruan egun batzuk egin zituzten. Martxoaren 22an berriro martxan jarri ziren. 6.900 metrora zirela gailurraren azpian dagoen murrua aurrez aurre zuten. Azkenean, hego-ekiko ertzera joan eta eskalada han amaitu zuten.

Bide beretik jaistea ezinezkoa zen; elurroldeek urrats guztiak ezabatu zituzten. 13 egun hormatzar horretan egon ondoren, martxoaren 28an jaitsiera gogorrari ekin zioten. Frantziarren Bidea aukeratu zuten; erabat ezezaguna haientzat. Luzea eta nahasia zen bidea, eta eguraldi txarra zuten. Apirilaren 2an heldu ziren hego aurpegiko Yamatari glaziarrera. Onik.

Jannuren eki aurpegian eskalatutako bidearen inguruan Golovtxenkok dio ez dela hain arriskutsua: «Marcinek beste iritzi bat zuen, baina Sergei eta biok uste dugu nahiko segurua dela. Tarte arriskutsuena beheko aldean dago; izotz puska handiak erortzen dira. Eguraldi gaiztoarekin saihestu beharreko lekua da. Elurroldeak jasan behar izan ditugu; horietako batek denda puskatu zigun. Baina elur hautsa zen, eta muturreko egoerarik ez genuen bizi».

Jaitsierari dagokionez, Golovtxenkok onartu du espedizioa hasi aurretik Frantziarren Bidea ez zutela baztertu: «Ikuspen gutxi genuenez, orientatzeko komeriak izan genituen. Gainera, jaitsiera oso luzea da. Badakigu etxean larritu zirela, baina espedizioak amaiera ederra izan du. Igo genuen pareta oso tentea da. 6.550 metrotik aurrera 80 graduko aldatsak gainditu genituen. Ez dugu helburua lortu, baina ez gara itzuliko. Itxi den etapa bat da, eta beste xede batzuk ditugu».