GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Gora periferia!


Arabari darion ilusioa urteotan uste sendoz bezain zuhurki, emeki bezain irmo eta zintzoki bezain tentuz egindako lan eskergaren emaitza da. Alderdi korrupto baten ordezkari xenofobo, klasista, harroputz eta atzerakoiari gailendu zaio ilusioa. Baina ilusioari lan eskerga gehitu beharko diete bollera eta marikoi garenoi “gutako bat” kanpoan geratu dela esan diguten gizon heterosexual zuriek. Periferia gara. Hainbatek zentzugabetzat jo zuten Korrikaren kilometro trabestia antolatu genuenok, “gutakoa” omen den horren arbaso politikoek hil zuten Francis gogoan. Ni jaio eta bizitzari agur esan behar izan zion Francisek. Lau eguneko gorputz biluzia arropa larrosekin jantzi zidatenean, bortizki kendu zizkioten arropak, bala batek zeharkatutako gorpu biluzi bat utziz.

Francisen ausardiaz baliatu gara gure identitatea eraikitzeko. Bere erailketak eragindako amorrua harrotasuna da eta bere memoria zikin ez dezaten arduratuko gara. Poliziak akatu zuten eta musika baliatuz armak darabiltenen politika genozidak zuritu nahi dituztenak salatuko ditugu. Ez dugu onartuko gorputzekin komertzializatu nahi duen sistema merkantilista. Beti egonen gara euren identitatea modu askean eraiki nahi izateagatik zapalduak eta baztertuak direnen ondoan.Transbollomarikak, trabestiak, nahi duguna gara; identitate propioa duen herri zapaldu baten askatasuna nahi dugun identitate askeak gara.