GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Natura polit aberatsa


Orain du naturak bere eskaparate bete gainezkakoa natural erakusteko garaia. Hori bera, urte guztian ere bai, esango dit edozein lagunek aldamenetik.

Zenbat gozatu zuten, gero, maiatz honen lehen egunean, herenegun alegia, San Jose langilearen egunaren giro bikainean hona inguratu zirenek. Iritsi ere, asko iritsi ziren, gutxitan bezala… a zer nolako betekada jaso zuen Urbialde eta Aizkorrialdeak bezala, Aloña-Botreaitz eta gainerako mendizerra koskatsu puntadunak.

«Pello, lastime! Itzal puxka bat falta zitzaigukean», ziostan batek. Egia da: nahi duguna baino gehixeago kostatzen zaio hemen goiko arboladiari hostaje berriaren jantzia osatzea. Aurten aurreralditxoa izan du, egia, Araba aldera dauzkagun mendi-bizkar horietan, ilunabar-gau-goizalde epel-antzak segidan izan ditugulako: apiril erdialdetik aurrera, Erramu eta Aste Santu behinik behin, esna-aldi nabarmena izan zuten.

Halere, Urbiko zokoak bere magal berexiaren klima-toketxoa ere badu, elurra ere sendoago pilatzen zaio eta luzeagoan irauten…

Nolanahi ere, lagunari esan niona: «Hi, ba, hemen esaera zahar oso ezaguna eta aski errepikatua diagu: ‘Apirilaren azkenean, orria haitz gainean’. Aurten, bizkar dexente jantzi dizkik garaiz asko. Batzuek ‘haritz gainean’ ziotek, beste inork, ‘orria zugaitzean’; beste nonbait: ‘hostua haitzgainien’. Kontu ezaguna duk, ba».