06 MAY. 2019 Eskalada Wide Boyz taldekoek beste urrats bat egin dute artesien munduan Tom Randall eta Pete Whittaker-ek «Black mamba» bidearentzat 8c gradua proposatu dute. Zailtasun hori baieztatuko balitz, marra hori sabai batean eskalatu den munduko artesi gogorrena izango litzateke. Última actualización: 06 MAY. 2019 - 06:22h Andoni ARABAOLAZA Muturreko artesietan eskalatzen duten espezialistak aipatzen hasiko bagina, duda izpirik ez dugu Wide Boyz izenez ezaguna den taldeko bi ordezkari aipatu beharko genituzkeela. Tom Randall eta Pete Whittaker dira horiek. Orrialdeotara bisita bat baino gehiago egin dute, eta ez da harritzekoa; izan ere, zailtasun handiko bideetan makina bat jarduera bikain egin dituzte. Gogoan al du irakurleak “Century crack” (8c)? Hots, munduko offwidth gogorrena? Bada, puntu gorria jarri ziotenak Wide Boyzeko bi ordezkari horiek izan ziren. Orain, berriz, goi mailako beste proposamen bat egin dute. “Black mamba” zabaldu eta gero, puntu gorria jarri diote. Proposamena: 8c. “Century crack”-ekin alderatuta, bi eskalatzaileok sabai horizontal bat gainditu zuten. Zailtasun hori baieztatuko balitz, sabaietan inoiz eskalatu den artesi zailena izango litzateke. Protagonistoi onartu behar zaie Canyonlands-eko basamortuan (Utah, AEB) dauden bideekin eta haien estiloarekin erabat harrapatuta daudela. Duela urte batzuk, Rob Pizem eskalatzailearen eskutik, lehen bisita egin zuten, eta ordutik alderdi hartako bide zailenak errepikatu eta proposamen berriak sortu dituzte. Eta beste datu adierazgarri bat, ez dira estatubatuarrak, britainiarrak baizik. Iluntasuna “Black mamba”-ri dagokionez, aipatu behar da Pizem izan zela haren berri eman ziena. Baina une hartan Randall eta Whittaker-ek xede hori alde batera utzi zuten. Eta hori, zer dela eta? Bada, marra oso bitxia delako. 50 metro luze ditu, eta horietatik 40 tunel baten barruan daude; hots, ilunpean eskalatzen da. Gainera, artesiaren eta zoruaren artean tarte oso txikia dago. Beste era batera esanda, sekzio luze hori sokarik gabe eskalada daiteke. Azken hamar metroetan, berriz, soka gerrira lotu beharra dago. Hain zuzen ere, azken tarte hori aldez aurretik eskalatu zuten. “Angry pirate finish” izena jarri zioten, eta 7c+ gisa aurkeztu. Baina helburua biribildu ahal izateko, tunelaren hasieratik jardun behar zuten. Whittakerrek dio bide horrek akats txikiena ere ez duela onartzen: «Lehendabiziko 10 metroak gainditu ondoren, gorputza zulo batean sartu eta ahal bezala irten behar duzu bertatik. Bidearen giltza artesi oso mehea da. Beste hamar metro eskalatu eta gero, amaierara iristen zara. Offwidtheko zortzi metro gogorrei egin behar diezu aurre». GOGORRENA Tom Randall eta Pete Whittaker britainiarrek «Black mamba» bidearentzat 8c proposatu dute. Hala balitz, sabai batean eskalatu den artesi zailena izango litzateke.