Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Facebook eta pribatutasuna: isunak eta etika

Apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean egin zen Facebook F8 2019a, Facebookek urtero antolatzen duen garatzaileen konferentzia. Etengabe errepikatu zelako, «Etorkizuna pribatua da» leloarekin laburtu da bi egunetako jarduna.

Ez da erraza Facebook eta pribatutasuna lotzea. Facebooken negozio-ereduaren oinarria pribatutasun falta dela ere esan baitaiteke. Whatsapp da horren adibide garbia. Egun, Facebooken plataformen artean, Whatsapp da peer-to-peer zifratze-sistema erabiltzen duen bakarra. Eta Whatsappek ez dio dirurik ematen: deskarga doakoa da eta (gaur-gaurkoz) ez du publizitaterik txertatzen. Horregatik sortu dute Whatsapp Business: zaila delako Facebookentzat mezu pribatu eta zifratuekin negozioa egitea. Baina pribatutasunean pauso handiak eman nahi dituela adierazi zuen Zuckerbergek. Baita Whatsapp, Instagram eta Facebook Messenger plataformak integratuko dituela ere. (peer-to-peer zifratze-sistema 3 plataformetara hedatuta, agian). Baina ez zuen azalpenik eman hori praktikara eramateko bidearen gainean. Esanahiz hustu diren hitz horien klubean sartuko da laster «pribatutasuna».

Hori gutxi balitz bezala, integrazio hori, EBk Facebooki jarritako isun baten jatorrian sakontzea da. 2017an 110 milioi euroko isuna jarri zion, Whatsapp erostean informazio ez zehatza eta engainagarria eman zuela iritzita. Labur: Facebookek Whatsapp erostean, bi plataformak teknikoki ezingo zirela integratu adierazi zuen. Gezurra zen. Isuna ordaindu zuen. Eta orain integrazioan sakonduko du. Isuna jarriko diote? Lasai, ordain dezake. Facebookek 2019ko lehen lauhilekoko emaitza ekonomikoak argitaratu berri ditu: https://labur.eus/WVShw. Cambridge Analytica-rekin lotutako auziagatik 3.000-5.000 milioi dolarreko isuna espero duela dio. Eta ordain dezakeela erakutsi zuen. Akziodunak lasaitu eta bere kotizazioa igo zen. Isun bakoitzarekin saritua balitz bezala.

Isunek ez dute etikarik ekarriko plataforma hauetara.