Itunpeko ikastetxeei 2,6 milioi euro bideratzeko asmoa du Lakuak
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako irakasleek 26. greba eguna bete zuten atzo. Manifestazioaren aurretik, Lakuak jakinarazi zuen zentro hauetako Heziketa Berezian langileak gehitzeko asmoz, 2,6 milioi euro bideratzea proposatuko duela Gobernu Batzordean.
Lakuako Hezkuntza Sailak atzo goizez jakinarazi zuen Gobernu Batzordean planteatuko duela 2,6 milioi euro gehiago bideratzea EAEko gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeak babestera. Diru-funts hau zentro hauetako Hezkuntza Berezian langile gehiago kontratatzeko bideratu nahi dutela zehaztu zuen atzo Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak.
Proposamen honen berri Bilbon eman zuen, bertan gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako irakasleek egin zuten manifestazioa abiatu aurretik. Uriarteren ustez, ekimen honekin sindikatuen aldarrikapen bati «erantzuna» emango diote. Hori horrela, bere ustez, orain gatazkaren beste bi aldeei dagokie, sindikatu zein patronalei, «akordio batera heldu eta arazoari irtenbidea ematea».
Azken bi ikasturteetako 26. greba eguna bete zuten atzo –ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT-ren deialdiari erantzunda– eta, sindikatuen arabera, %55-65 arteko jarraipena izan zuen. Kristau Eskola patronalaren ustez, aldiz, %19ko eragina izan zuen. Bilboko manifestazioaren bukaeran Steilaseko arduradun Sabin Arrizabalagak Kristau Eskolaren jarrera kritikatu zuen. Aurpegiratu zion bere «ageriko» helburu bakarra sindikatuen arteko «banaketa» dela eta honekin negoziazio kolektiboaren prozesua «dinamitatzea».
Patronalaren komunikatua
Adierazpen hauek patronalaren azken komunikatuaren harira datoz. Bertan zioten sindikatuen aldarrikapenek itunpeko ikastetxeen «araudiaren esparrua gainditzen» dutela eta beraiek, bitartean, «zentroen iraunkortasuna eta bideragarritasuna defendatzen duen hitzarmena lortzearekin kezkatuta» daudela. Bide batez, jakinarazi zuten ELArekin aldebakarreko bilerak izan dituztela.
Argitalpen horretaz gain, Kristau Eskolak bere proposamenen zerrenda ikastetxe eta irakasleei helarazi die, aurretik sindikatuei bidali gabe. Steilaseko arduradunaren esanetan, ez da «harrigarria, ezagutzen baitugu nola jokatzen duen Kristau Eskolak». «Bere jarrera publikoki adieraztea, sindikatuei ezer jakinarazi gabe, sindikatuak aldentzeko beste maniobra bat da», kexatu zen Arrizabalaga.
ELAko bozeramaile Miren Zubizarretak parte hartu zuen apirilean patronalarekin izandako bileretan eta bera ere bat etorri zen Steilaseko kidearekin.
Sindikatuek, bestalde, ez zuten adierazpenik egin Cristina Uriartek aurkezturiko proposamenaren inguruan eta iragarri zuten gaur, 27. greba eguna betetzen duten egunean, Donostian manifestazio bat egingo dutela. Mobilizazio handi bat egiteko asmoa ere erakutsi dute aurtengo ikasturtea bukatu aurretik eta, tartean, maiatzaren 23rako, mobilizazio bat aurreikusten dute.
Lakuaren azken planteamenduaren inguruko hitzik esan ez zuten arren, Steilasek ziurtatu zuen Lakuak «erantzukizuna duela» lan gatazka honetan eta beraz, ezin duela honen esku-hartzea departamendu batetik bestera pasatu «familien aurrean eskuak garbi edukitzeko».
Ohartarazi zuen arazo hau ez dela eskumenen inguruko kontua eta honen konponbidea negoziazio kolektiboaren barnean eman behar dela, ahaztu gabe Lakua dela sektorearen finantziazio iturri garrantzitsua.