Jakak 2022ra arte jarraituko du Aspen
Eibarko enpresak beste bi urterako luzatu dio kontratua une gozoa bizitzenari den Lizartzako aurrelariari. 2019an 18 partida jokatu ditu eta 16 irabazi.

Aspek atzo jakinarazi zuen Erik Jakaren kontratua beste bi urterako luzatu duela. Lizartzako aurrelariak 2020ra arteko lotura zeukan Eibarko enpresarekin, eta akordio berriari esker lotura hori 2022ra arte luzatuko da. Albistea ez da harritzekoa, izan ere, gipuzkoarra sekulako jokoarekin dabil azken denboraldi luzean eta beretzako amaitu berri den Buruz Buruko Txapelketan ere argi utzi du onenekin lehiatzeko gai dela.
«Oso pozik nago. Uste dut azken hilabeteotan maila ona eman dudala eta Aspek kontratu berritze honekin saritu nau», eskertu zuen Jakak enpresak zabaldutako adierazpenetan. «Nire helburua orain arte bezala lanean jarraitzea da. Onenen artean lekutxo bat egitea eta torneo edo txapelketetan jokatzeko aukera izatea. Eta ahal bada horietakoren bat irabaztea, enpresak nigan jarri duen konfiantza eskertzeko».
Esan bezala, Jakaren azkenaldiko zenbakiak ikaragarriak dira. 2019an 18 neurketa jokatu ditu, 16 irabazi eta bi bakarrik galduta. Kasualitatea edo ez, galdu dituen bi partidak Joseba Ezkurdiaren aurka jokatutakoak izan dira: azkena aurreko asteburuan jokatu ziren Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetan (22-14 Labriten).
Baina Jakaren maila ona ez da aurtengo kontua bakarrik. Aurreko urteetan ere, lesioek apur bat errespetatu duten bakoitzean, urrats bat egin du aurrera nabarmen. Lau eta Erdiko azken txapelketan, final-zortzirenetan argi menderatu zuen Arteaga II.a, baina ezin izan zuen final-laurdenetako ligaxka jokatu lesio baten erruz. Eta kaiolako beste bi adibide jartzegatik, iazko San Fermin Torneoan sekulako mailan jokatzen ari zenean hartu zuen min Jokin Altunaren aurka, eta lehenago, 2016an, sekulako erakustaldiak emanda irabazi zuen Promoziokoa.
Buruz Buruko Txapelketan ere aurten bakarrik ez, iazko ekitaldian maila bikaina eman zuen. Unai Laso kaleratu zuen lehen kanporaketan, eta final-zortzirenetan estu hartu zuen Ezkurdia, nahiz eta 22-15 galdu zuen azkenean.
Peio Etxeberriari «saria»
Ez da Jaka Aspek saritu nahi izan duen pilotari bakarra, Peio Etxeberriak ere gaur jasoko du bere omenaldi txikia Buruz Buruko Txapelketan egin duen lan apartaren ordainetan. Bere etxeko pilotalekutzat hartu daitekeen Larraintzarren jokatuko du gaur gauean, Zenotz jaioterritik bertan, Martijarekin Altuna III.a eta Tolosaren aurka. Estelar polita da aurrelari nafarrarentzat eta bere gaitasuna erakusten jarraitzeko aukera ederra.

Los gurús del capitalismo se levantan contra Trump tras el caos bursátil

Antifrankista amorratua eta GARAren sortzaile, Euskal Herri askea ipar izanik

No es periodista, es un provocador fascista

Pluses inflados o inventados para subir 350 euros el sueldo de ertzainas
