Itziar Aizpurua
Ezker abertzaleko militantea
KOLABORAZIOA

Hauteskunde sasoia

Udaberrian, eguzkiaren printzek ikututa miraria datorkigunean urtero, dena lehertzen zaigu begi bistan gizakion gozamenerako, mendi eta zelai, zuhaitz eta landare; neguko hotza alde batera utzita, lagun hurkoaren aurpegiak irribarretsu dirudi, alaiago, denok agur eginez berpizkunde garaiari, itxaropenaren ikur den udaberriari. Horregatik ote hiru hauteskunde hilabete barruan sartu behar hori? Edota udaberria hauteskunde sasoia izendatu dute aurrerako? Nire burutazio hauek badute kezka nagusi bat. Espainiar Gobernuak doministiku egiten duenean, alegia, badirudi dena astintzen zaigula gure barnean, jakin badakigunean Euskal Herrian sekulako katarroa aspalditik daukagula; eskumari buruz ari natzaizue irakurle maiteok!

Betiko eskuma hiru zatitan joan bada ere, igaro berri ditugun hauteskundeetan ikusi dugu nor gehiagoko horretan, txikitu egin direla, nahiz ondo dakigun, saiakerak izango direla aurrerantzean ere. Euskal Herrian eta Katalunian ondo ezagutzen ditugu; beraz, jarraitu beharra dugu betiko legez, temati eta aurrera tinko herri gisa eginez. &hTab;

Sartu ziguten mamuari aurre egin badiogu ere, emaitza zoragarriekin gainera, etxe barruan daukagu eskuma ondo sarturik. Erkidegoko jauntxo gisara sentituz, kudeatu nahi du bere interesen arabera herri honen oraina etorkizunerako bidea zapuztuz, eta hori ezin diogu utzi PNVri, ezta beste inori ere.

Hego Euskal Herriak uko egindako espainiar Konstituziotik jaiotako hiru herrialdeetako estatutua aspaldi baliogabeturik utzi zuten herritarrek, eskaera ozen hauen aurrean: erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa: zer garen, nora goazen, norekin... lurraldea... herritartasuna... herri gisa bizitzeko, erabakiak askatasun osoz har ditzagun.

Herri handia sortzeko bidean garbi daukat bakoitzaren herri txikitik hasi behar dugula hariak lotzen arazoak konponduz harremanak ehuntzeko bidean, denon artean geurea dena geure egin dezagun. Horregatik sekulako garrantzia dute Euskal Herriaren etorkizunera begira berehala buru-belarri sartuko garen udal hauteskunde hauek.

Francok espainiar Errepublikari emandako estatu kolpearen ondoren, orain bete berri ditugu 40 urte udal hauteskundeetan estreinakoz bozkatu genuenetik. Ezker abertzalearentzat ibilbide instituzionalean garrantzi handiena duen instituzioa da udala, herritarrengandik hurbilen dagoena delako, bertako protagonista bihur gaitezen. «Alkaterik onena, herria», ikurritz gardena ulertu nahi duenarentzat.

Hilaren 26a ezinbesteko abiapuntua izango da Euskal Herriaren soroa jorratzeko, eta ondoren abertzaletasuna ezkerreko baloreez landatzeko subiranotasunerako bidean. Soro sendo eta emankorra behar dugu nahitaez, Euskal Herri askea nahi baldin badugu. Herritar orok, euskal preso eta iheslari politikoekin eskuz esku, herri handia sortzeko grinaz eta ilusioz. Helburu nagusiek beti iparrorratz behar dute gure ibilbide honetan, lehen eta orain: Euskal Estatua, ezkerretik egina, gure esparru politiko, juridiko, ekonomiko propioak sustatuz. Bidezidorretik batzuetan, autopistaz bestetan, bihurgune ugarietan askotan, baina... nahi duguna izan gintezke gure baitan borondate, emankortasun eta herri mina izanez gero. Denborak ez gaitu kezkatu behar, etenak bai!

Europak herri gisa ulertu behar gaitu, eta ez inoren mende. Horretarako, bidali behar dugu geure ordezkaria, egoera berean dauden beste herrietakoekin bat eginik, gure eskubideak lortuko ditugun itxaropen osoz. Etenik gabeko udaberria Euskal Herrira!