15 MAY. 2019 Ederra bezain erregarria Hezurrak tintaz erre ditu Miren Agur Meabek. Oroimenaren artxiboan haztatu du, orainaren lorratzak finkatuz. Motibazio (auto)biografikoa duen lana da «Hezurren erretura», nahiz bere belaunaldiko beste emakumeen bizipenen kontaketa fikzionatua ere baden. Desistorioak istoriotu ditu, bizitzari hogeita bat txatal ateraz, haurtzarotik helduarorainoko bidean. Ariane KAMIO DONOSTIA Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) dio «tintak ukitzen duenerako edozein material bihurtzen da ez guztiz egiazkoa». Barka beza, beraz, irakurleak eta idazleak berak, tinta elektronikoak ukitu bezain pronto, oroimen baten bitartez orainaren lorratza bilatzeko saiakera bat baita ondorengoa ere. “Hezurren erretura” (Susa) izenez dator idazle lekeitiarraren azken lana. «Hezurrak dira gure azken arrastoak, baita animalia basatienak ere, sarraskijaleek gorpuzkiak jan ondoren gertatzen diren souvenir suntsigaitzak». Hezurrak ez, ordea, zentzurik fisikoenean, metaforikoenean baino. «Aldean daramatzagun orotariko pisuen sinboloak dira». Eta hezur hauek jarraipena ematen diote Meabek berak aurreko liburuetan abiatutako bideari, azalean hasi (“Azalaren kodea”), eskuetatik jarraitu (“Bitsa eskuetan”), begian geldiunea egin (“Kristalezko begi bat”) eta gorputzaren barrenekoetara jotzen duen eskemaraino. «Begi hartatik, hezur hauek». Bizitza aldaketa etengabea delakoan dago idazlea, «kasuan kasuko abiadura mailan, baina ez dena egiten minik eragin gabe. Eta hori esaten dudanean ez naiz ari artrosiaz zehazki», bota du ohiko ironiaz. Eta nahiz min fisikoaz ez ari, hezurren metaforatik eman du erreturaren azalpena. «Hasi estributik, –gure gorputzeko hezurrik ñimiñoena, belarrian daukaguna–, hau da, oroitzapen, asmakeria, pasadizo, amets eta gogoeta txikienetik, femurrera bitarte –gure gorputzeko hezurrik luzeena–, hau da, oroitzapen, asmakeria, pasadizo, amets eta gogoeta handienera». «Idaztea erretzea da –jarraitu du–, eraldatzea, baita norberaren burua ere. Ni ez naiz pertsona bera liburua idazten hasten naizenean eta amaitzen dudanean». Sei urteko prozesu luzea du liburu honek aurrekari gisa, hainbat etenaldirekin. «Errekuntza hori eraldaketarena da, errituala da, jakina, ezein idazkuntzak ezin duelako bizitza bera erre». Eta horretan dihardu liburuko protagonistak, idazketaren bidez erretzen, «bizitzan pilatutako hezurrak, alegia, azertuak, akatsak, pulso legitimo naiz ilegitimoak, lezioak, ondorioak». Hogeita bat narrazio, bi atal Hogeita bat narrazio batu ditu guztira Miren Agur Meabek, 19 lehen pertsonan idatziak, bat bigarrenean, eta azken bat hirugarrenean. Lehenengo zatian neskato txiki baten memoriak batzen ditu, oroitzen dituenak edo imajinatzen dituenak, unibertsitatera heltzen den arte. Bigarrenean, 55 urte inguruko emakume baten bizipen-erredurak. Une oro galdetu omen dio Meabek bere buruari zer nolako testuen bila zebilen. Emaitza, askean irakur daitezkeen narrazioak, baina nobela baten batasuna dutenak. Motibazio (auto)biografikoak ditu atzean. «Historia pertsonalak eremu magnetiko baten funtzioa izan du, halako moldez non istorioen hasikinak benetako esperientziak izan diren, edukia beti erreala eta autobiografikoa ez bada ere». Pertsonaia bakarra da ipuin guztietako protagonista, baina belaunaldi bereko beste neskato eta nerabe batzuen pertsonifikazioa ere bada berau. Haurtzarotik helduarora Iraganaren eta orainaldiaren ardatzean txandakatuz eman dira liburuko istorioak, protagonistaren haurtzaro, nerabezaro eta helduaroaz hornituz. Hamar ipuinetan neska txiki bat ageri da bere tokia egiten munduan, bere harremanen konstelazioan. «Hainbat egoeratan aurkeztuko da, traizio egin dio amari, heldu baten abusuak pairatu ditu, heriotzaren hatsa sumatu du, heziketa erlijiosoaren ondoriozko filantropia xaloa praktikatu du, letrekiko betidanik igarritako erakarpena adierazi du... ». Lehenengo oroitzapenak unibertsitatera bitarte. «Bortizkeria, engainuak, tristurak, bakardadeak eta abarrek elkarren ondoan hartu dute tokia emozio alaiagoekin batera, txatalak bilbatuz, hari kronologiko single bat sumatzen da, neskatxo hori emakumetu ahala», gaineratu du. Beste multzoan, emakumea ageri da eta emakume horren berri ematen du era batera edo bestera. «Babak eltzetik ateratzen ikasi du, bere egin du familiaren ausentzia, ez du sinesten amodioaren balio absolutuan nahiz eta azken aukera eman maite-jolasei, patuaren seinaleak interpretatzera jolasten da... eta, garrantzitsuena, bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko bulkada. Helduaro betean, badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Hauxe du, azken batean, ikasketa nagusia». DIPTIKOA«Liburu honen eta nire beste batzuen artean bada loturarik, obra kordatu nahi bat. Alde horretatik, liburu hau ‘Kristalezko begi bat’-en bigarren partea ez bada ere, osatzen du diptiko bat harekin».