Joseba Garmendia
UPV-EHUko irakaslea
GAURKOA

Bi erronka irakaskuntzarako

Neurtezina da administrazio zentraletik ezarritako hezkuntza arautegiei izkin egiteko xahutzen den energia. Gure gizartearen zerbitzura legokeen hezkuntza eredu aurreratua eraikitzen erabili ordez, defentsiban energiak xahutzeaz gain, irakaskuntza komunitatearen elkarlana, konbentzimendua eta kohesioa oztopatu ere egiten dute atzerakoiak, iraungita eta gure herrian gaindituak dauden eredu inposatuek, Lomce-k, esate baterako. Horrek gogorarazten digu Estatuak bere dituela esklusiboki hezkuntza sistemaren ordenamendu orokorra, gutxieneko ikasketen finkapena, titulazioak, oinarrizko arauen ezarpena eta goi ikuskaritzarako eskuduntzak.

Egia da hezkuntza sistemaren bizkarrean ardura gehiegi jartzen dela, eta egia da gure gizartean ezinbesteko funtzioa betetzen duela. Nolanahi ere, jakinik beste gai eta erronka ugari bere gain hartu behar dituela, etorkizun hurbil edo ertainean mahairatuko zaizkigun bi erronkei erreparatu nahi nieke. Alde batetik, bilakaera demografikorako proiekzioen arabera datozen hamarkadetan etorkinen premia izango dugu populazioaren zaharkitzeagatik eta langile gabezia egon daitekeelako; eta bestetik, XXI. mendean aurrerakuntza teknologiko disruptibo berri baten atarian omen gaude, laugarren iraultza teknologikoa deiturikoa, adimen artifizialean, robotikan, Big Data eta biozientzian, besteak beste, gauzatzen ari dena, erabakietan dimentsio etikoaren txertaketa eta gizarte antolaketan eraldaketa sakonak eskatuko dituena.

Bilakaera demografikoari loturiko erronkari dagokionez, gureak hizkuntza eta kultura zaurgarriak izanik, sendotu egin behar dira berauen transmisioa ziurtatzeko prozesu pedagogikoak. Aurreko mendean bizitako migrazio olatuen aldean beste tresna batzuk ditugu. Horrekin batera, kulturen arteko dibertsitatearen balioa azpimarratuko duen gizarte kohesionatu baterantz joateko prozesuak hedatu beharko ditu. Ez bera bakarrik, baina hezkuntza sistema berebiziko tresna da, bai formazio arloan, bai gizarte kohesioaren arloan. Administrazio publikoek eta hezkuntza egiturek segregazio fenomenoak ekiditea gakoa da Europako beste ingurunetan pairatutako kultur eta gizarte gatazkak bizi nahi ez baditugu etorkizunean. Modu osagarrian, tokiko eragile, udal eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea eta inplikazioa, tokiko hezkuntza planetan murgilduz, palanka boteretsua da gizartearen eraldaketarako.

Esparru produktibo eta teknologikoan antzematen diren joera berriek ekarriko dituzten erronkei erantzuten hasteko eredu pedagogikoak eraldatzen ari dira. Informazioa eta ezagutza modu errazean eskura dagoen ingurune honetan, edukiei baino gaitasun edo konpetentziei ere zentralitatea ematen hasi zaie curriculum diseinuetan. Ekonomian eta gizartean nuklearrak izango diren ikasketa prozesuak norbanakoen jarduera isolatuak beharrean kolektiboak diren heinean, hezkuntza sistemak harremanetarako, komunikaziorako, elkarlanerako eta lidergorako trebetasunak eskaini beharko ditu, konplexutasun hazkorreko talde egitasmoetan erabili ahal izateko. Bestalde, emaitzen araberako baino esfortzuaren araberako pizgarriak indartu egin beharko lirateke erronka ausart eta konplexuagoetarako prestatzen baitu. Hau da, emaitza egokia soilik onesten bada emaitza ona lortzea errazten duten problemak hautatzera eramaten du, aldiz, bigarren bideak erronka zailagoei aurre egiteko ausardia elikatzen du.

Ziurgabetasun eta konplexutasun hazkorreko ingurune batean esperimentazio bidezko ikasketek gaitasun eta jarrera praktiko hobeak eskaintzen dizkiote pertsonari. Autonomia, norbere kabuz eta taldeka ikasten jakitea, ikuspegi kritiko eta librepentsalaria, arazoekiko jarrera proaktibo eta berritzailea, ez konformatzea, printzipio eta balio etiko komunitarioak, ahazten jakitea… bezalako gaitasunak garrantzitsuagoak bilakatzen ari dira, ordenagailu eta liburu bidez eskura dagoen edozein ezagutza bezainbeste edo gehiago. Noski, ezagutza espezifikoek garrantzitsuak izaten jarraituko dute, baina langile hautaketa prozesuetan aipaturiko abileziak pisua hartzen ari dira. Are gehiago, pertsonaren dimentsio etikoa, jokabidea, balioak eta printzipioak erabakigarriak bilakatzen dira. Mondragon Korporazioko lehendakari batek esan bezala: «Nahiago dut printzipio etikoak dituen pertsona bat, nahiz eta ezagutzetan hain jantzia ez egon, ezagutzetan fin eta balioetan herren dabilena baino. Ezagutzak irakats daitezke, baina printzipio etiko zuzenak ez dituen pertsona aldatzea zaila da». Dena den, aipaturiko ikusmoldeak ez die soilik, ez eta nagusiki ere, enpresek izango dituzten beharrei soilik erantzuten, gaitasun horiek guztiak balio handikoak baitira gizarte aurrerakoi eta kohesionatu baterako ere.

Erronka hauei aurre egiteko berrikuntza pedagogikoa eta hezkuntza sistemaren baitan eraldaketa prozesuak ezinbestekoak dira. Berrikuntza prozesu guztietan bezala tokiko baldintzetarako egokitzen diren egitasmo aniztasuna aberasgarria da, irtenbide homogeneoak ez daudelako eta esperimentazioa bidea delako. Zentzu honetan bide posiblea litzateke behetik gorako eskema deszentralizatuak antolatzea, non ikastetxeen autonomia ahalbideratuz eragile anitzeko gobernantza inklusibo eta arduratsuak garatuko diren. Bestalde, eskola sare ezberdinak izateak erantzun anitzak biderkatzen dituen heinean aspalditik katramilatu gaituen gaia birformulatzeko balio dezake. Publiko-pribatu eztabaida XX. mendeko termino klasikoetatik (jabegoa, administrazioaren menpe, homogeneotasuna) atera, gainditu edota osagarritu, eta parametro berrituetan planteatzea egokia litzateke, hala nola, sarbide unibertsala, errenta apalentzat doakotasuna, segregaziorik eza, zerbitzu publikoa, nazio menperatu bateko kultur eta hizkuntzaren sustapena, nazioko ikastetxeen arteko elkartasuna eta elkarlana, balio aurrerakoien transmisioa, laikotasuna…