20 MAY. 2019 Azkue Ikastolak laguntza ekonomikoa eskatu du, euriak Ibilaldia zapuztu ostean Eguraldi txarra zela eta, Ibilaldiko bi gune itxi behar izan zituzten eta arratsaldeko ekitaldiak lekuz aldatu. Lehen balantzearen arabera, galera ekonomikoak aurreikusi dituzte Lekeition. GARA Lekeitio Zorte txarra izan du Lekeitioko Azkue Ikastolak. Urte osoan Ibilaldia antolatzen gogotsu aritu ostean, eguraldi txarrak zapore gozoa baino garratza utzi die. “Haratzago!” lemapean, aurreko urteetan hasitako proiektu pedagogikoei segida emateko asmoa dute eta, horretarako, Bizkaiko ikastolen festan etekin ekonomikoak ateratzea espero zuten. Alabaina, goiz-goizetik euria gogotik ari zuen eta, jende gutxiago bertaratzeaz gain, itsasbazterrean kokatu zituzten bi guneak itxi behar izan zituzten, arratsaldeko egitaraua berrantolatzera behartuz. «Urte guztia daramagu ilusioz lanean gaurko eguna aurrera ateratzeko. Eguraldiak gure lana zapuztu duenez, euskal komunitatearen laguntza behar dugu», adierazi zuten ikastolako arduradunek. Laguntza hori bideratzeko, bi kontu korronte zabaldu dituzte sare sozialetan. Datozen egunetan egingo dute balorazio orokorra eta orduan izango dituzte benetako datuak, baina lehenengo iritzien arabera, galera ekonomikoak aurreikusten dituzte. Desorekak konpontzeko nahia Hasiera ekitaldian Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza eta segregazioaren kontrako mezua zabaldu zuen: «Euskal Herri euskalduna nahi dugu, eta kanpotik datozenak gure herrian txertatu nahi ditugu, inklusioaren bitartez». Eskoletan dauden «desorekak» mantentzen badira, bere ustez, euskararen ezagutzan eta kalitatean galera izango da. TANTAZ TANTA «Tantaz tanta, eguraldiak ilusioak busti ditu, baina tantaz tanta mareak ere igotzen dira. Urte osoko lanak, jendearen ilusioak, Azkue Ikastolak merezi duelako!», zabaldu zuen, itxaropentsu, Koldo Tellituk Twitterren. MUSIKA Arratsaldean eguraldia pixka bat hobetu zen eta festak plazako eta ikastolako guneetan jarraitu ahal izan zuen. Kontzertuek giroa epeltzea lortu zuten.