Arantxa Manterola
Kazetaria
JO PUNTUA

«Déjà vu»

Normala den bezala, behin adin batetik aurrera, déjà vu sentsazioa areagotu egiten da. Halaxe gertatu zait Korrikan preso batzuen argazkiak eraman izana leporatuta, berriki Iruñerrian atxilotu dituzten gazteekin. Guardia Zibila kanpaina egitera (noren alde?) sartzea ez da berria, eta «terrorismoa goratzeko» ustezko delitu hori ere ez.

Ez da hainbeste argazkien kontua gori-gorian egon zela, batez ere, PSOEko Patxi Lopezek lehendakaritza eskuratu zuenean ikur eta argazkien kontra zabaldu zuen gurutzadaren ondoren. Hamaika liskar, atxiloketa, isun eta zigor izan ziren festetan, manifestazioetan, tabernetan, kalean eta baita etxeko balkoietan ere presoen argazki eta haien eskubideen aldeko aldarriak jartzen zirelako. Epaileei kontraesanak sortu zitzaizkien debeku horiekin eta, azkenean, pixkanaka afera baretu egin zen, nahiz eta noizbehinka kasuren bat edo beste izan den.

Aipatu atxiloketen harira, betiko argudioak entzun ditut hainbat analista politikoren ahotan. Horietako bat, ordea, berria iruditu zait. Lehen, hots, ETAren jarduera indarrean zelarik, egoera hain zela gogorra eta eraginak hain astunak, ezen horrelako gauzetan apenas erreparatzen omen zen. Baina orain, gauza horiek –argazkiak azaltzea, alegia– gehiago ikusten omen dira.

Iritzi bat da. Baina nago beste errealitate batzuk ere ez direla ikusten (edo ez direla ikusi nahi). Esaterako, 250 preso daudela oraindik, gehienak oso urrun, beren senideek istripuak maiz izaten dituztela ikustera joaten direlarik (aurten jada bost), presoak existitzen direla, eta beren lagun eta herrikide askok beren alboan nahi dituztela, etxean, kalean, lantegian, baita ere Korrikan.

Uler dezaket argazki horiek zenbait pertsona mintzea. Alta, atxiloketak eragiteagatik egoera ez da konponduko eta elkarbizitza ez da normalduko. Hori dena eraiki egin behar da. Bake Bidean-eko kideek eta Biarrizko eta Baionako auzapezek ekainaren 7 eta 8rako deialdia eginez esan duten gisan, «armak isildu dira baina oraindik bakea ez da instalatu, ez buruetan ez kontzientzietan». Horren adibidea Urrutikoetxearen atxiloketa.