28 MAY. 2019 JO PUNTUA Biopolitika Mikel Ibarguren Idazlea Michel Foucaltek garatu zuen kontzeptua da biopolitika. «Bizitzak» eta «bizidunek» egon behar dute politikaren zein ekonomiaren ardatzetan. Bizitza erdigunera ekartzeko hausnarketa betean garela, Foucaltek Aristotelesen bidetik gizakia abere politikotzat zeukan eta haren arabera gizakia ez da eskubidedun subjektua soilik, subjektu politikoa ere bada. Bizitza naturala bizitza politikoan, hots polisean, txertatzen du eta, hortaz, gure bizitzak kontrolatzeko eta aldatzeko gaitasuna duen botereguneari, biobotereari, kontrajarriz «bizidunen» aldeko aldarria egiten du. Erdi Arotik gaurdaino biobotereak bere eredua inposatzen jarraitu du. Bizitza bere erarik politikoenean antolatzea dakarren biopolitikaren eredua bahitua eduki du mendez mende, jendearen bizitzak bere eskuetara jarriz. Aspalditik antolatua datorren bioboterearen eredua jakinekoa da, herritarrak desjabetu eta herritarren lepotik aberasten ari den eredu kapitalista da, lan merkatuan oinarritutako eredu produktibo eta ekonomizista, naturaren baliabideak mugagabe xahutzen dituena da, jendearen esplotazioa dakarrena, emakumeena batez ere. Finean eredu «biozida» da, egunotan Hego Euskal Herrian ikusi ahal izan dugun bezala. Izen-abizenik gabeko lau langile hil ditu eredu jasanezin honek. Bioboterearentzat estatistikak gizentzen dituen lau langile baino ez, fatalitate bat beste behin ere. Eredu jasanezin eta «biozida» honen aurrean biopolitikaz jabetuz kontrabotere gisa antolatzea premiazkoa da, garaiak eskatzen dituen pentsamolde eta praxi politiko berritu, ausart eta eraldatzaileak mahai gainean ezarriz. Burujabetza ezberdinak saretuz. Ez da beste mundurik, hau dugu eta hau dugu errotik eraldatu behar. Utopiarik gabeko jendartea helbururik gabeko jendartea da. Biopolitika edo bioboterea, horra egin beharreko hautua. Geroari begirako erronka handi eta sakonak ditugu, nik uste, herri bezala, norbanako gisa. Eta geroa gaur da. Izen-abizenik gabeko lau langile