03 JUN. 2019 ZIRIKAZAN Ordezkaritza parekidea Josebe EGIA Ez dakit joan den astean nire hutsunea sumatuko ote zenuten, baina hauteskunde osteko astelehenetan txoko honek jai hartu ohi du. Nazkatuta gauden arren, hain zuzen hauteskundeez idaztera natorkizue gaur… neure ikuspuntutik. Ezkerreko erreferentziazko emakumeek, edo estatu- eta erkidego-mailan politika aurrerakoiagoak dituztenek (Colau, Carmena, Barkos…), badirudi lehen postua galdu dutela; halere, ikusteko dago zein itun egin ditzaketen beren identitate-ezaugarriei uko egin barik. Hego Euskal Herrian eskuin neoliberalak –frankista ez da, baina feminista ere ez– indarra irabazi du. Kontsola gaitezen; behintzat trifaxismoak ez du ordezkaririk EAEn, eta berdeak aurrera egiten ari dira Europako esparruan. Estatuan, ordea, eskuin frankistak lasaitua hartu du, eta eskuin liberala –ez “zentroko ezkerra”, bere burua hala izendatu arren– garaile izan da hauteskundeetan. Udalerrietako emakume-kopuruari berriz helduta, emaitzek agerian utzi dute, hainbat itun ebazteko badaude ere, EAEn eta estatuan gobernu eta udalerri gehienak gizonen eskuetan daudela. Probabilitate-tartearen goialdea beteko balitz, eta biztanle ugarien dituzten 12 hirietako alkateak andreak balira, hala ere emakumeek ez lukete ordezkaritza handiagoa izango. 2015eko udal-hauteskundeetako ehuneko bera litzateke. Zer dela eta? Bada, alderdiek aukeratzen dituztelako beren zerrendaburuak. Hortaz, diskurtsoak ez ezik, benetako boterea duten postuetan andrerik ezaren joera ere zuzendu, irauli, nahi badute, beren barne prozesu eta arauak zuzendu beharko dituzte, eta geu hala galdegin, berdintasunaz mintzatzera ausartuko badira. Estatuko eta EAEko legeriaren arabera, hautagaitzetan parte-hartze orekatua egon behar da sexu bien artean, baina ez dago xedatuta zein postutan. Hortxe dago tranpa, feminismoak bere garaian salatu zuena. Zerrendak kremailera-erakoak osatzera behartu ezean, gaitza izango da %50eko ordezkaritza lortzea. Kontuz! Ez naiz defendatzen ari andrazkoek botere-postuak izatea politika ekofeminista edo pertsona guztion eskubide guztiak defendatzeko gizarte-politika justuak sustatuko dituztelako, sobera ditugu-eta Trump bezain neoliberal eta faxistak diren emakumeak. Baina “zeruaren” erdiak erdi izaten jarraitu behar du lurrean ere, eta horrek berekin dakar, justizia hutsagatik, sexuen arteko ordezkaritza parekidea izatea. Beste kontu bat generoarena da… baina beste baterako utziko dugu.