Andres OSA «SAKONA»
Harri-jasotzea

Omenaldi beroa Endañetari

Jose Manuel «Endañeta» harri-jasotzaileak omenaldi ederra jaso zuen larunbatean Zumaian.

Jose Manuel Agirrek, Itziarko Endañeta Baserrian jaio zen harri-jasotzaile indartsuak, larunbatean merezimendu osoz omenaldi hunkigarria jaso zuen. Eguerdian Zumaiako kultur etxean berari buruz argitaratu den liburuaren aurkezpena egin zuten, herriko abesbatzak kantu ederrekin hasiera emanez. Mahaian, Endañetaren eskuin-ezkerrean, besteak beste, liburuaren egile Alvaro Bermejok hitza hartu zuen eta erdaraz mintzatu zen luze liburuaren mamiaz. Zumaiako alkate Oier Kortak omenduari buruz labur hitz gozo eta egokiak egin zituen. Bertan zen Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioko presidente Jose Inazio Saizar “Luxarbe”.

Azkenean, Endañetari berari jarri zioten mikrofonoa, barruan zuena esateko eta «bueno» hitza ozta-ozta ahoskatu zuen. Sentimenduek gainezka egin zioten eta, horixe, «bueno» esan eta begiak busti zitzaizkion, arnasari buelta eman nahi eta ezin, baina hitz batekin eta malkoak igurtziz, argi eta garbi adierazi zuen sentimenduz beteriko jarrerarekin harri-jasotzaile paregabe bezain kategoria handiko gizon jator eta ona dela. Sarritan hitzak labur direnean eta aurpegia ispilu denean, laburra eta ona bi aldiz ona izaten da; bestetan, berriz, luzea eta ona, erdipurdikoa.

Endañeta 1943an jaio zen eta 18 urte urterekin hasi zen harri-jasotzen. Gaztetasuna eta indarrak probatzeko grina izan zuen beti. Sarritan gurasoei disgusturik ez emateko harriak isilean berak egiten zituen. Berau izan zen 250 kiloko harria aurrena jaso zuen indartsua. Urteak gainean izan arren, itxura ederra du oraindik. 40 bat urterekin utzi zuen bere gustuko kirola. Osasuna galtzeko arriskutik aldendu eta bere ohiko bizitza egiten daramatza azken urteak. «Harri astunak gorputz osoan ondorio txarrak ekartzen zituela antzemanez, baina batez ere belaun eta gerrialdean, planto egiteko erabaki sendoa hartu nuen. Besteen larruan jarri eta neure buruarekin hausnarketa sendoa egin nuen». Lehenbiziko apustua Zumaian bertan jokatu zuen, Asteasuko Jose Mari Sarasolaren aurka. 125 kiloko kubikoarekin zazpi minutuko hiru txanda zituzten lanerako, eta irabazle atera zen.

Larunbat arratsaldean, Zumaiako pilotalekua jendez beteta zela, herritarren eta bere garaiko eta gaurko kirolarien berotasuna eta txaloak jaso zituen. Zerrenda luzeegia da hemen jartzeko, baina une gozoak igaro ziren. Gure partetik zorionak eta ez galdu zure irribarre kutsakorra. Zorionak!

Getxon 640 kiloan sokatira

Larunbatean jokatu zen Getxon Lur Gaineko Sokatira Txapelketako 640 kiloko jardunaldia. Tiraldi bikain bakar batzuk izan ziren eta azkenean Laukizko Gaztedi taldea eta Erandioko Akelarre parra eginda gelditu ziren 3,5 punturekin. Hirugarren Mutriku izan zen eta azkena, Getxo.