GARA Euskal Herriko egunkaria

Sei «gako teknologiko» gailentzen dira EAEn, Innobasqueren arabera

«Big data», adimen artifiziala, zibersegurtasuna, robotika, Gauzen Internet (IoT) eta sentsorika eta biosentsorika arloak nabarmentzen ditu 2019ko Prospektiba Txostenak, Txinaren nagusitasunaren mehatxua lausotzeko gako gisa. 216 eragilek elkarlanean osatu dute.


Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, atzo egin zuen Batzar Nagusia eta 2019ko Innobasque Prospektiba Txostena aurkeztu zuen. Ikerketa horretan berrikuntzaren joera handiek EAEn izango duten eragina aztertu dute, horien ondoriozko aukerak eta mehatxuak barne.

Enpresa, erakunde eta ikerketa arloetako eta gizarteko 261 ordezkarirekin elkarlanean osatu dute txostena. Hor jaso dutenez, aldaketa demografikoek, Txinaren protagonismo gero eta handiagoak, klima aldaketak eta iraultza teknologikoak dira euskal berrikuntzaren ibilbidea marraztuko duten mundu mailako joera nagusiak.

Horiek kontuan izanda, eta mehatxuak zehaztu aurretik, lehentasunezko bi aukera aurreikusten ditu Innobasquek EAErentzat, berrikuntza arloan liderra izan dadin: digitalizazioa eta datuen garrantzia negozio-eredu eta ekoizpen-prozesu berrien lehengai gisa.

Mehatxu nagusien artean berrikuntzan eta teknologian Txinak hartu duen protagonismoa nabarmentzen da, Europaren galerarako. «Asiako erraldoiak inbertsio handiak egiten jarraitzen du bai azpiegituran, bai I+G arloan, bai tokiko teknologiaren industrian, baita hezkuntzan ere», aipatu zuten. Horrez gain, herrialde horretako merkatuak –teknologia berriei eta datuen erabilgarritasunari dagokionez– hedatzen jarraitzen duela ohartarazi zuen, «permisibitate handiagoa du».

Teknologiaren garapena

Innobasqueren aburuz, Txinaren hazkundeari hau batu behar zaio: talentu berriak digitalizazioak, prezioen gorabeherek eta Europa zein EAE mailan lehengaien hornikuntza arazoek ezartzen dituzten beharrei ere egokitu behar zaizkiela, «Txinarekiko mendekotasun handiko egoeran baikaude».

Alde horretatik, mehatxuen inpaktua gutxiagotzeko eta aukerei onura ateratzeko, EAEn sei «gako teknologiko» gailentzen direla zehaztu zuten atzoko aurkezpenean –eta txostenean ere sakon ikus daitezke–. Big data, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, robotika, gauzen Internet (IoT) eta sentsorika eta biosentsorika arloak dira gako horiek.

Lehentasuna teknologiaren garapen eta aplikazioari ematen zaiola esan zuten, «bai RIS3 espezializazio adimentsuko estrategiaren eremuetan (fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak/osasuna), bai herri administrazioetan, eta gizartean, oro har».

«Berrikuntzan liderra» izatea du helburu Innobasquek eta, horretarako egin dituen programak nabarmentzeaz gain, Leire Bilbao zuzendari nagusiak adierazi zuen herri gobernantzan eragina izatea duela xede «estrategiko». Hori dela-eta “Open Government Partnership Euskadi” bultzatu dutela esan zuen, «berrikuntza erraztu dezakeen ingurunea sortzeko».

Gobernu Irekiaren aldeko Munduko Ituna da eta Lakuarekin batera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta hiru hiriburuetako udalek hartzen dute parte. Horrekin, erakundeak eraldatu nahi dituzte, «gardenak izan daitezen, hiritarren partaidetza errazteko eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzeko».

Enpresentzako bi programa

Negozio-eredu berrien inguruko programa pilotua ere aurkeztu zuten, digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz enpresa txiki eta ertainei (ETE) laguntzeko. Dagoeneko zortzi ETEk abiatu dute ekimen hau. Bestalde, Hazinnova ETEen berrikuntza ez teknologikoei laguntzeko programaren berri ere eman zuten; honek 12 hilabetean zehar berrikuntza ez teknologikoko 500 miniproiektu aktibatzea du helburu.