GARA Euskal Herriko egunkaria

Katxalinen txupinazo arrosa, poz eta laguntasun erakusle

Gipuzkoako bular eta ginekologia minbiziaren elkarte Katxalinek, Bergarako ordezkaritzan lan handia egiten duenak, piztuko du gaur Pentekoste jaietako hasierako suziria. Pregoi alai eta hunkigarrian, laguntasunarekin bizitzearen garrantzia transmitituko du.


Txupinazo pozgarri eta hunkigarria espero da gaur Bergaran, ohi baino ordu erdi lehenago, 19.30ean. Katxalin elkarteko hainbat bazkide aterako dira balkoira beraien familiekin. Gipuzkoako bular eta ginekologia minbiziaren elkarte bakarrak mezu baikor bat transmitituko du: «Ez dugu ikusezinak izan nahi. Honetatik atera daiteke eta askoz hobea da prozesua laguntasunarekin bizitzea eta ez bakarrik».

Ideia horiek azalduko ditu elkarteko kide Maite Vallek, euskaraz ongi jakin ez arren hizkuntza honetan irakurriko duen pregoian. «Herriari eskertzeko modu bat izango da», azaldu dio GARAri elkartearen ateak zabalduz eman digun elkarrizketa aberasgarri eta goxoan. Txupinazoak ikusgarritasun handiagoa emanen diela-eta pozik daude. Donostia joan-etorrian ibiltzeko urrun gelditzen zitzaiela ikusita, ordezkaritza zabaldu zuten Bergaran 2014an; besteak beste, orduan tratamendua jasotzen ari ziren Maite eta Isabel ahizpek.

«Isabel eta biok animalien diseinuekin panpinak egiten hasi ginen Onkologikoan zeuden umeentzat. Jende askok lagundu zigun. Ohartu ginen gure denborak besteentzat balio zuela. Tratamendua ondo generaman, modu positiboan, eta egunez egun disfrutatzen genuen». Hori ikasi zuen Maitek elkartean eta hori eskaintzen saiatzen da, baita bidean gelditu ziren ahizpa eta «txapeldun guztiengatik ere». «Eurei esker gaude hemen», azpimarratu du.

Tailerrak egiten dituzte eta josteko eta hitz egiteko espazioak sortu, «emakumeak diren bezalakoak izateko». Sarri familia aurrera atera behar dute eta elkartean gauza beretik pasatu diren beste emakumeekin mintzatzeak izugarri laguntzen die. «Beti eskuragarri gaude behar duten emakumeentzat».

Panpinak ez ezik, “bihotzeko burkoak” ere egiten dituzte. «Bularra edo gongoil bat kentzen dieten emakumeek oso minbera izaten dute gune hori eta buruki honek neurri bereziak ditu, eta mindutako gorputz atala goxatu eta babesteko bihotz bat. Azala oso ederra da eta lazo arrosa bat darama. Hunkigarria da Gurutzetako ospitalean, Txagorritxun edo Donostian operatu berritan burko hau jasotzea, tratamendutik pasatu diren beste emakumeek egina», adierazi du Vallek. Ezagutu gabe, eskua edo besarkada emanen baliete bezala da.

Katxalineko kideak erantsi du entsegu kliniko batean parte hartu zuela berak eta halako ikerketei esker gero eta esperantza handiagoa dutela emakumeek. «Orain tratamenduak askoz pertsonalizatuagoak dira. Hortaz, exijenteak izan behar dugu ikerketarekin, aurrera egiteko, eritasuna gelditzeko».

Zumarraga, Oñati, Arrasate... inguruko herrietatik etortzen da jendea Bergarako ordezkaritzara. Bertan ileordeak, txanoak eta zapiak ere ematen dituzte.

Elkarte bezala babestuak sentitzen dira eta ohore eta poz handiz hartu dute Pentekoste jaiei hasiera emateko ardura. Laguntza hori etengabea izatea eskatuko dute.

Ura saltzen zuen emakumea

Baina txupinazoak badu beste protagonista bat, Bitorianatxo. 1981ean azaldu zen Bergaran pertsonaia hau, Mozolotegi baserrian bizi zen emakume bat oinarri duena. San Martin plazak udaletxea du alde batean eta seminarioa bestean. Azken honetatik jaisten da udaletxeraino Bitorianatxo eta alkatearen aulkian esertzen da jaiek irauten duten denboran. Azken egunean, udaletxeko balkoitik seminariora igotzen da. Aurten, Erraldoi Taldekoek Bitorianatxo erraldoi txikia aurkeztuko dute.

Emakume bakartia omen zen Bitorianatxo, umore handikoa, sendabelarretan aditua, eta horregatik, sorgin bezala ezaguna. San Martin plazako izkina batean egoten zen, marmita handi batean ateratzen zuen ura saltzen, baita uretan urtzen ziren goxokiak ere. Badirudi txakurra zuela lagunik handiena eta ez zein inoiz harekin haserretzen, ezta marmitan pixa egiten bazuen ere. Oinutsik ibiltzen zen, gona beltz edo gorriarekin, ilea bi mototsetan bilduta eta zapia buruan. Ardoa gustatu bide zitzaion, lepotik zintzilik zeraman zahatoa horren erakusgarri.