Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Udaberriak dakar ura

Ez saltoka, ez kolpeka; natura guztiz sakon eta zabalaren neurri geldo eta guztiz kuriosoan. Ez dugu ahaztu behar bizitza ia beti eta ia denean portatzen dela guztiz neurritsu: berea du, eta guztiz beretzakoa, biziaren arrastotxoa nagi luzatuan eramatea.

Izan ere, negu ilundu eta argi laburrekoak, belartxoari ez bezala, nagitsuago laguntzen dio arboladi eta zuhaiztiko hostaje berdotz hertsiago horri. Halere, aurten gutxitan bezain garbi ta agudo ibili da baso janzketa eta soinekotze hain bitxia den hori. Zenbat detailetxo eta ñabardura kolore ahulenetatik abiatu eta margo gero eta fuerteagoak nabarmentzera artio. Gure txoko honek badu horretan aukera, landare eta zuhaitz, ia denak berez etorritakoak baitira; ez sailean landatuak: orduan kolore bertsua baitute arboladiek.

Noski, arbolak argi egon ohi dira, loreen ondoriozko hazi aletxoak haizearen hegaletan bidaia seguruan noiz eta nola bidaliko. Udazkeneko haizeteak hazi batzuk; neguan zuztartxo lehorra aiseago apurtu ohi du haize boladatxoak ere.

Kontu horri jarraiki, inguruotako mendi-bizkarretan ohituak direnetatik, bat baino gehiago ohartu dira, –halaxe komentatu izan dugu behintzat–, Arabako mugan dauzkagun mendi bizkar horietako arboladia goi-goraino bizkortua dabilela. Orain dela lau urte, esate baterako, Artaso aldeko gain haietan, uda hasieran eta geroago ere bai, artalde arin baten ardi eta bildotsak ikusten genituen, eta haiekin batera, mandotxoak eta behorkume arinak larrean, patxadan. Orain apenas ikus daitezkeen, eta mendi gainetik hegora, Arabako aidetara, joanak ditugula dirudi.