11 JUN. 2019 Sei urteko espetxe zigorra Donostian ikasle bati sexu erasoa egiteagatik Gipuzkoako Auzitegiak sei urteko espetxe zigorra ezarri dio Herbehereetako gizon bati Erasmus programako ikasle bati Donostian sexu erasoa egiteagatik. Auzipetuak gertakariak eta zigorra onartu ditu. Sei urteko kartzelaldiaz gain, sei urteko zaintzapeko askatasuna ere ezarri diote. GARA donostia Sei urteko espetxe zigorra ezarri zion atzo Gipuzkoako Auzitegiak Herbehereetako gizon bati, gazte austriar bati sexu erasoa egiteagatik. Erasoa Donostian gertatu zen orain dela lau urte. Neska Erasmus programako ikaslea zen. Gertakarien gaineko epaiketa Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioan egin zen. Bertan auzipetuak gertaerak onartu zituen, baita Fiskaltzak egindako zigor eskaera ere. Biktima ordezkatzen zuen akusazio partikularra bera ere ados agertu zen aldeek lortutako akordioarekin. Epaitutako gertaerak 2015eko ekainaren 9ko goizaldean gertatu ziren, neska Donostian bisitan zegoela. Ministerio Publikoak egindako akusazio idatziaren arabera, erasotzailea eta biktima Bulebarrean zeudela, akusatua neskarekin hitz egiten hasi zen, eta, berarekin bakarrik geratzean, Urgull mendiko ikustokira igotzea proposatu zion, «egunsentia ikusteko». Hori horrela, 07.30ak aldera, «Santiagoko Bateriako zonaldeko lorategira heldu ziren biak», eta, une horretan, gizonezkoa «ustekabean» aurrealdetik gerturatu zitzaion neskari, eta, jarraian, «eskumuturretatik heldu, lurrera bota» eta sexu erasoa egin zion. Emakumezkoak ez zuela harremanik izan nahi esan eta joaten uzteko eskatu bazion ere, auzipetutako gizonak ez zion kasurik egin, fFiskalaren idatziak jasotzen duenez. Gizona gainetik kendu nahian Gertakarien kontakizuna egiten duen Fiskaltzaren agiriak azaltzen duenez, neska «negarrez eta oihuka» hasi zen. Ihes egiten eta gizona gainetik kentzen ere ahalegindu zen, besteak beste, «eskuekin eta hankekin kolpeak emanez». Behin sexu erasoa jasan ostean, neskak korrika ihes egitea lortu eta laguntza eskatu ahal izan zuen azkenean. Kalte psikologikoez gain, erasoaren ondorioz neskak urradurak, eritemak eta ubeldurak ere izan zituela jasotzen du idatziak. Gertakariotan oinarrituta, sexu eraso delitu bat ez ezik, lesio falta bat ere egotzi dio erasotzaileari Gipuzkoako Auzitegiak. Guztira sei urteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, behin aske utzi ondoren, beste sei urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko duela ere jasotzen du epaiak. Era berean, gizonezkoak ezin izango du biktimarengana gerturatu sei urtez eta berarekin inolako komunikaziorik ere ezingo du izan. Azkenik, 6.200 euroko kalte-ordaina ere eman beharko dio erasotzaileak biktimari.