Fredi Paia
Bertsolaria
JOPUNTUA

Pilarren galdera

Analisi politikoa egiten irakatsi zidan pertsonak sarri egiten zidan zuzenketa bera hamazazpi urte nituenean: «Ez bilatu motibazioa diagnostikoan. Bestela diagnostikoa txarto egingo duzu eta ideologikoki motibatzeko gaitasuna galduko duzu. Biak ere arazo larriak, herri zapaldu bateko langileontzat».

Boto Emaile Ertainaren Teoriak, zein hemerotekak, erraz azaltzen du alderdi batek boto gehiago lortu eta botere gutxiago izateko arriskua. Beti gerta liteke; eta alderdi kopuruan aldaketak daudenean probabilitate handiagoarekin. Espektatibak doitzea, ostera, konplikatuagoa da. Gizakiak ezinbestekoak ditu aurrera egiteko; baina hauteskunde kanpainako sorpresa pozgarri izan zen Atxagaren ipuin bat aintzat hartuta, Mathiasek elur izoztuan botatako sokak dira.

Otsailaren 23tik maiatzaren 26ra arte promesa eta paper uholdea bizi izan dugu Hegoaldean. Ea hurrengorako alderdi guztiak ados ipintzen diren eta gutun-azal bakarrean bidaltzen dizkiguten papeleta guztiak. Emaitzak ez lirateke aldatuko eta basoak apur bat eskertuko liguke.

Apirilaren 28ko gauean, Pilarrek, «Espainiako andrerik frankistena» ezizenez ezagunak, galdera polita egin zien kazetariei: «Nola da posible PSOEk Voxek baino boto gehiago izatea, Voxeko mitinak jendez leporaino bazeuden eta PSOEkoak erdi hutsik?». Niri Patxi Lopezen mitina etorri zitzaidan burura, bera bakarrik kazetariekin. Txistea eman lezake, baina galdera bera egin zion, beste hitz batzuekin, Sarkozyk Stiglitz nobeldunari 2009an. Elkarteei ere logika bereko itauna egiten diete instituzioek, irisgarritasunean oinarritutako finantziazioa justifikatzeko.

Baliteke, XX. mendetik dakartzagun neurriek gero eta zerikusi gutxiago izatea neurtu nahi dugunarekin. Mobilizazio gaitasuna, kudeaketa ona, ustelkeria kasurik eza, neurri ekofeministak... guztiak zenbakarriak, guztiak sozialki desiragarriak baina bat bera ere ez, ez eta guztiak batera ere, determinantea herritarren sostenguaren bidezko boterea lortzeko. Dirudienez.