14 JUN. 2019 JOPUNTUA Justizia feminista Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Zer da justizia feminista? Eta are garrantzitsuagoa dena, nondik has gaitezke hori eraikitzen? Galdera hauek gero eta ohikoagoak dira mugimendu feministan. Horren adierazlea da ekain hasieran eginiko “Justizia feminista eztabaidagai” jardunaldia, Foro Sozial Iraunkorreko Genero Lantaldeak eta Justizia Feminista Mintegiak antolatua. Arrakastatsua izan zen, bai parte hartze aldetik, baita edukietan ere; kontzeptua potoloa eta zenbaitetan arrotza dela sentitu arren, duen garrantzia aitortzen hasi zaio. Justizia ez androzentrikoaren bilaketa ez da, inondik inora, ardura berria. Akademian proposamen juridiko-feministak askotarikoak izan dira; gainera, antropologiatik edo soziologiatik ere ekarpen aberasgarriak egin dira. Ikuspegi orokorra berriagoa bada ere, mugimendu feministak askotan aurrera eraman ditu borroka zehatzak. Horien artean, nabarmenak dira, esaterako, abortuaren aldeko mobilizazioak edota indarkeria matxistari aurre egiteko bideak hobetzeko ekimenak. Bestetik, zenbait mugarri aipa ditzakegu; adibidez, “Hamaika eraso, hamaika erantzun. Feministok prest!” manifestazio jendetsua, edo hurbileko “Nik sinisten dizut. Emakumeen egia aitortu” ekimena. Azkenik, legeak aldatzeko eskaerez harago, proposamen zehatzak aurrera eramaten hasi dira; besteak beste, herri mugimenduetan sortutako eraso matxisten kontrako protokoloak. Egungo egoeraren garrantzia proposatzen den gogoetaren sakontasunean datza. Eskaera ez da soilik botere judizialak eta bestelako eragile juridikoek genero prestakuntza egokia izan dezatela. Hori oinarrizkoa bada ere, ez da nahikoa. Ulertzen da azkenaldian izan diren erabaki judizial polemikoek areagotu dutela justiziarekiko asegabetasun sentsazioa, eta horren aurrean alternatibak asmatu behar ditugula, baina ez edonola. Delituei ematen zaizkien erantzunak ez dira inoiz neutralak, eta gure gizarte ereduaz eta gehienen ideologiaz asko argitzen digute. Gizartea eraldatu nahi badugu, justizia bera ere eraldatu beharra dago; errotik beharbada. Egitekoa ez da makala, baina gogoeta bera inportantea da. Legeak aldatzeko eskaerez harago, proposamen zehatzak aurrera eramaten hasi dira; besteak beste, herri mugimenduetan sortutako eraso matxisten kontrako protokoloak