19 JUN. 2019 JOPUNTUA Shang Yang itzuli da Mikel Aramendi Kazetaria Edozeren kontura Txina nahiz txinatarrak maiseatzeko txanda eskatzen hasi behar den garai hauetan, harrigarria ere bada hartarako aukera bikainena izango litzatekeenari (ia) inork ez heltzea gure artean. Harrigarria esan dut? Agian, ez horren harrigarria... Kontua da Trumpen txio eta muga-zergekin –kasualitate hutsez, beharbada– batera, hainbat gai (Huawei, Xinjiang, Hong Kong...) eguneroko hizpide bihurtu zaizkigula, informazioa baino gehiago agitpropa den bazka intelektualean. Aldiz, Diogenesen kriseilua behar da «gizarte-kredituaren sistema» (social credit system, ingelesez; shehui xinyong tixi, txineraz) deituari buruz ezer fidagarririk aurkitzeko. Txina osoan, gizateriaren % 20an beraz, guztiz indarrean jartzeko azken txanpan sartuta dagoen arren sistema. Hein batean, Orwell eta gisakoak motz uzten dituena. Proba-fasea gainditu du eta datorren urtean indarrean izango da erabat. Oso gaingiroki azalduta, puntukako gidabaimenen sistema bizimodu sozial osora hedatzea bezalako zerbait da. Erretzea debekatuta dagoen lekuan erretzen harrapatzen zaituztela? Kanka! Papertxo ziztrin hori lurrera bota duzula? Kanka! Halako faktura ordaindu gabe utzi duzula? Kanka! Eta kreditu-puntuak amaitzen zaizkizunean... ezingo duzu hegazkin- edo tren-txartelik erosi, eta abar. Horrela azalduta, desiragarria ere balirudike. Gainera, erregimenaren deitura sozialistari men eginez edo, gizakiei ez ezik enpresa eta erakundeei ere ezarriko zaie kreditu-sistema hori bera. Arauak ez betetzea garesti irtengo omen da Txinan. Edonorentzat? Hor etorriko dira komeriak. Agintariek enpresa jakin batzuei ziurtagiriak eman dizkiete sistema elikatu eta kudea dezaten; alegia, horretatik bizi daitezen... 2003an Zhu Rongji lehen ministroaren agurreko hitzaldi ospetsu hartan Konfuzioren berpizkundea ikusi genuenok oker genbiltzan. Hobeto esanda, berandu genbiltzan. Konfuzio (Zhu bera, adibidez) aspaldi piztuta zegoen. Harrezkeroztik berpiztu dena Shang Yang, legalismoaren aitzindari ospetsua, Lehen Dinastiaren aita ponteko intelektuala, izan da. Eta ordenagailuarekin dator. 2003an Zhu Rongji lehen ministroaren agurreko hitzaldi ospetsu hartan Konfuzioren berpizkundea ikusi genuenok oker genbiltzan. Hobeto esanda, berandu genbiltzan