Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

GAFA eta bere erregulazioa

GAFA izenez ezagutzen da Google, Apple, Facebook eta Amazon enpresa teknologiko estatubatuarren eta boteretsuenen laukotea. Botere hori, batez ere, AEBetako gobernuaren gainbegiratze ezagatik lortu dute. Europar Batasunak isunak jarri dizkie, baina jakina da isunek ez dutela jarrerarik aldatzen. Boteretsuegiak dira.

AEBek auditoretza bat egingo dutela adierazi zuten duela bi aste, GAFA osatzen duten enpresak botere gehiegi biltzen ari ote diren aztertzeko. Jakin badakite hala dela, baina ez da hain erraza hori frogatzea, monopolioen kontrako legea prezioen igoerarekin lotuta dagoelako batez ere. Eta GAFAren kasua justu kontrakoa da.

Prezioak igo ordez, jaitsi egiten dituzte, horrela lehiakideak suntsituz (eta bestela lehiakideak erosiz). Eta Google eta Facebooken kasuan batez ere, doako zerbitzuak eskaintzetik bizi dira. Eta datuak biltzen dituzte. Eta datu horiek prezioak jaitsi edota doako zerbitzuak hobetu edo berriak sortzeko erabiltzen dituzte. Eta sarearen efektua deitzen dena ere hor dago: Whatsapp bada erabiliena, zertarako erabili beste bat, nire inguruko inor ez bada egongo.

Elizabeth Warren AEBetako senatariak enpresa hauek zatitzea proposatzen du. Baina zaila da hori lortzea. Batetik, enpresa hauetako bakoitzaren baitan ematen den fusioa datuetan oinarritzen delako. Esaterako, Facebook, Whatsapp eta Instagram ez dira lehiakide zuzenak, baina datuak leku berera doaz. Eta besteekin berdin. Zatiketa horrek AEBetako azken urteotako aberastasunaren oinarria bilakatu dena ahulduko luke. Eta bestetik, ildo horretatik, geopolitikoki ere ez zaielako komeni.

Viktor Mayer-Schonberger austriarrak, Oxford Institute of Internet-en baitan Interneten Gobernantzan eta Erregulazioan katedraduna denak, enpresa hauek euren datuak lehiakide txikiekin banatu behar dituztela defendatzen du. Facebookek Mastodon-ekin, esaterako. Beste bide batzuk ere aipatu dira.

Ez dago bide errazik. Baina isunak utzi eta erregulazioari heldu behar zaio lehenbailehen.