24 JUN. 2019 ZIRIKAZAN Justizia? Josebe EGIA La fiestaEz zen izan abusua, bortxaketa baizik» ebatzi du Auzitegi Gorenak “La manada” kasuan, eta aho batez kondenatu ditu bost bortxatzaileak. «Azkenean, justizia egin da» izango da, ziur aski, egunotan gehien entzun dugun esaldia. «Justizia?» galdetzen diot nik neure buruari. Halako kasu batek, eta halako beste askok, horren luzaroan irauten dutenean, hori ez da justizia biktimarentzat, bortxatzaileentzako arnasaldia baizik. Areago, presio sozial itzela izan ez balitz, batez ere berehalako erreakzio feminista («Ahizpa, nik sinesten dizut», «‘La manada’ geu gara», manifestazioak, kontzentrazioak, honen moduko ehunka artikulu, eta abar), agian beste egoera batean egongo ginateke. Ez diot garrantzirik kendu nahi Auzitegi Gorenaren epaiari. Jurisprudentzia inportantea ezar dezake beste bortxaketa batzuetarako, eta hori, egungo esperpento judiziala ikusirik, gauza ona da. Bortxaketa-delitu jarraitutzat jotzea, sexu-abusutzat barik, eta ebaztea burutu zela «larderiazko egoera hutsean», non biktima «inongo unetan ez zegoen jabeturik», garrantzitsua da. Itxaron egin beharko dugu, baina epai osoa ezagutzeko irrikan nago, larderiaren eta adostasunaren kontzeptuak noraino garatu diren jakitearren. Oraingoz, badirudi behingoz argi utzi dela larderia ez dagoela zertan egikaritu mehatxu esplizituekin, eta beste faktore batzuek osa dezaketela: giroa, ekintzak non gertatzen diren edo norbere egoera. Era berean, nahikoa da beldurra izatea adostasunik ez egoteko, desadostasuna esplizitua izan behar gabe. Nahiko nituzke ikusi kasua Nafarroako Auzitegi Probintzialean eta Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenean epaitu zutenen aurpegiak, gorrituak, Gorenak esan dienean beren epaiek «kalifikazio judizial okerra» zutela. Larriena da, hala ere, bortxatzaileek zati batean lortu dutela beren helburua: delitu jarraitu bakarra beharrean sexu-eraso delitu anitza egotzi izan balitzaie, zigorrak handiagoak izango ziren. Ia hiru urte luze hauetan, askok ezin izan dugu burutik kendu «sanferminetako neska», haren kalbarioa. Ezta haren ausardia ere, gutun ireki hartan esan zienean egoera bertsuan dauden andreei salatzeko, «inork ez dauka zertan hau jasan. Inori ez zaio damutu behar edatea, etxera bakarrik joatea edo gona janztea. Atsekabetu, atsekabetu behar gara hau gutako edozeini gertatzea ahalbidetzen duen jendartea dugulako». Ekarriko ahal dio bake apur bat epai honek!