Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Agresioak, ugari eta askotarikoak

Pertsonok agresio ugari eta askotarikoak jasaten ditugu. Berba hori emakumeokin lotuta erabiltzen denean, baina, badirudi sexu-izaerakoekin baino ezin dela lotu. Hortik kanpo, gainerako kolpeei diskriminazio esaten zaie.

Jakina, diskriminatzailea da balio bereko lanpostuetan, feminizatuta egon ala ez, dagoen soldata-arrakala; andreen kontratuak lanaldi partzialekoak izatea; haiek izatea gehiengoa langabezian… Agresio hutsa da, ordea, horren guztiaren bidez hainbeste eta hainbeste andreren oinarrizko eskubideak urratzen aritzea: haien ahalmen ekonomikoa kaltetzen dute eta, ondorioz, askatasun murritzagoa dute beren gaitasunak gizonen pareko berdintasun-baldintzetan garatzeko.

Agresio hutsa da piperrik ez axola izatea emakumeek eta gizonek zein lanbidetan jarduten duten, edo zein prestakuntza duten. Har dezagun sexuaren arabera jasotzen diren soldaten gaineko adierazlea, batzuen eta besteen batez besteko soldata gordina, zeinetan arrakala, datuen arabera, 2018an 2017an baino handiagoa izan zen, eta zeinetan bereziki esanguratsua den, emakumeen kalterako, amatasuna. Arrazoia garbia da: haiek hartzen dute beren gain familiaren ardura osoa.

Zergatik balio du gutxiago pertsona bat zaintzeak (zaintzaileen %99 emakumezkoak dira) auto bat egiteak (egileen gehiengoa gizonezkoak dira) baino? Hortxe dago kosketako bat, aztertu beharra dugu zein balio ematen diegun lanbideei, zeharkako diskriminazioak eta gehienbat emakumeok betetzen ditugun eginkizunen infrabalorazioa behingoz saihestuko baditugu, hots, oro har andreek lan-arloan jasaten duten etengabeko agresioa.

Horretarako, gainera, kontuan hartu beharra dugu datu ofizialek eta erkidegoetako gobernuen antzeko inkestek lan-merkatuko behar ordaindu eta formala besterik ez dutela barne hartzen, hau da, gizarte-segurantzara afiliaturiko pertsonena. Hain zuzen, hori da larriena: lan asko eta asko, ordaindu gabeak, kotizatzen ez dutenak, andrazkoek egiten dituzte, eta zeharo ikusezin jarraitzen dute. Lanaren Nazioarteko Erakundearen txosten baten arabera, ordaindu gabeko zaintza-lana, Espainiako estatuan, BPGd-aren %10,3 da.

Diskriminazio ala agresio, ez ikusiarena egiten jarraitu behar al dute agintariek? Ez ikusiarena hori guztia ahalbidetzen duen egitura sozial eta ekonomiko erasotzaileari? Ez al da hori, bere horretan, agresio hutsa, omisio bidezkoa bada ere?