GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Elebiduna?


Betiko kalapitan dabil, berriro ere, euskarazko irakaskuntza Ipar Euskal Herrian. Urteak joan eta urteak etorri, gure hizkuntza salbatzeko ezinbesteko diren bitartekoak eskuratuko ote dituen menpe. Tamalez ia ohitura bilakatu da ikasturte oroko aurreikuspenetan Estatuari irakasle lanpostuak, klase berrien irekierak edota behar bereziak dituzten ikasleentzat jagoleak «erauzteko» ahalegina. Ez hori bakarrik, euskaraz ikasten duten ikasleek ziklo bukaerako etsamina ofizialak hizkuntza berean egiteko eskubidearen aldarrikapena ere etengabea da.

Aurten, gainera, irakaskuntza sisteman (lizeoaren zikloan, 15-17 urte) abian jarriko den erreforma tarteko, euskarazko irakaskuntzak atzerakada nabarmena izateko arrisku bizia agertu dute, indartsu, baita eskola giristino zein publikoan ari diren sare elebidunek ere. Donapaleun sare guztiak egindako mobilizazioa horren lekuko.

Euskalgintzan diharduten eragileekin bat, argi izan dut beti murgiltze eredua dela bide eraginkorrena euskara galbidetik ateratzen saiatzeko. Ez nago, jakina, aukera elebidunen aurka. Baina aski frogatua dago, batez ere ingurumari oso erdaldunean –Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zubero gehiengoan bezalakoa– ez dela aski. Ez dela bermatzen ikasleak, orokorrean, euskalduntzen direla hizkuntza kalitate onargarriarekin, non eta ez badute eskolatik kanpo, dela familian dela bide batzuetatik, ahalegin gehigarria egiten.

Izan ere, euskara edo euskaraz ikasten astean 28 orduetatik gehienez ere 9 ordu ematen direnean, hizkuntza egiaz ikasteko trebea izan behar da oso. Elebidun deitu al daiteke eskola ordutan gutxienez parekotasunik ez daukan sistema? Borrokan dabiltza euskaraz irakasten dituzten ikasgai batzuez gain Estatuak orain arte «eman» dizkien lau ordu gehigarriak mantentzeko. Ez dut esan nahi, atzerapausoak ekiditeko bederen, ez denik borrokatu behar. Baina hori eta gehiago exijitu beharko zaio Estatuari batez ere legez lizeoan egiazko elebitasunean irakasteko eta ikasteko aukera onartzen duenean.

Eredu «elebidunean» norabide estrategikoaren falta sumatzen dut, nabarmen.