06 JUL. 2019 HAUR LITERATURA Ezberdinen arteko amodioa Xabier ETXANIZ ERLE Liburuko azalean ikus daitekeen bezala, krokodilo txiki bat dugu protagonista (baita liburuaren izenburuari erreparatuz gero ere), baina krokodilo hori pertsona (edo animalia) handi bati, orkatilaraino iristen zaion horri, helduta ageri zaigu eta aurpegian irribarre bat-edo ageri duela. «Badira egun batzuk Krokodilo urduri dabilela. Batzuetan hotz da, beste batzuetan bero. Batzuetan, izugarri triste sentitzen da. Beste batzuetan, mundu osoa besarkatu nahiko luke, pozaren pozez. Argi dago: Krokodilo maiteminduta dago». Horrela hasten da Daniela Kulot idazle eta ilustratzaile alemaniarrak egindako obra hau, protagonista berberak dituen sail bati hasiera ematen dion obra –euskaraz aipatzen ari garen lan honetaz gain “Krokodilo txikia, Jirafa altua eta neurri kontuak” ere kaleratu du Pamiela etxeak–. Irakurleak irudika dezakeenez, bi protagonista oso ezberdin hauen harremanari buruzko obra dugu hau; krokodilo txiki bat jirafa handi batekin maiteminduta. Eta aurreikus daitekeenez, harreman hori konplikatua izango da, baina baita egoera xelebrez josia ere. Eta horixe da, hain zuzen, liburu honen balioetako bat, umorea duela. Egileak animalia bien arteko harremana, harreman ezinezkoa esan beharko genuke, nolakoa den adierazten digu: «Jirafa oso altua izatea ez zaio batere axola Krokodiloari, baina, duela gutxi, Jirafari bere irribarre ederrenarekin begiratu zionean, hark ez zuen ikusi ere egin». Eta esaldi horri laguntzen dion irudian Krokodiloa ikus dezakegu hanka puntetan eta irribarrez Jirafari lore bat eskaintzen; hau, aldiz, hodeiez inguratuta dago eta ez da konturatu ere egiten bere hanken inguruan dabilen Krokodilo txikiaz. Krokodilo modu batean eta bestean ibiliko da Jirafaren arreta erakarri nahian, trikimakotan ibiliko da, baina orduan Jirafa bizikletaz pasatu eta Krokodiloren azpitik igaroko da; zubi batetik pasatuko da Krokodiloa oreka-ariketak egiten, baina une horretantxe hain zuzen Jirafaren lagun batek zerbait garrantzitsua esan zion honi… eta horrela, irakurleak irribarrea ezpaineratuko du Krokodilo txikiaren ateraldiekin, haren asmo zoroek (maitasunak eragindakoak, jakina) behin eta berriro nola huts egiten duten ikusiz, harik eta gutxien espero duenean, halabeharrak eraginda, estropezu egin eta Jirafa eta Krokodilo biak lurrean parez pare geratzen diren arte. Erraz irakurtzen den liburua da eta haur txikiei kontatzeko oso aproposa, eta ez hainbeste maitasunaren kontu horregatik, baizik eta ezberdinen arteko harremanari buruz eragin dezakeen gogoetatik. Krokodilo txikia da eta, denok dakigun bezala, jirafak oso altuak izateaz gain ez dira krokodiloekin ibiltzen; horregatik Jirafa altua ez da ohartu ere egiten Krokodilo txikia bere arreta erakarri nahian ari dela, baina halabeharrak hala nahi izan duelako bien arteko enkontrua gertatzen da eta handik aurrera… handik aurrera bi lagunen arteko istorio gehiagori irekitzen zaie bidea. Irakurleak, liburu honekin goza dezakeen bezala, aukera izango duelako honen hurrengoarekin, honen tonu umoretsua duen “Krokodilo txikia, Jirafa altua eta neurri kontuak” istorioarekin (eta gerora, argitaletxeak hala erabakiz gero) etor daitezkeenekin. Daniela Kuloten irudiek, gainera, indar handia ematen dioten istorioari, argumentua ederki osatzen dute eta oso kolore biziak erabiliz liburuan zehar optimismorako joera bultzatzen dutela esango nuke. Alaitasuna, poza, ezberdinen arteko elkarlana eta mugarik gabeko maitasuna… horiek denak, eta gehiago, liburu zoragarri honetan.