06 JUL. 2019 Entrevista JOXE MARI ITURRALDE IDAZLEA «Niretzat bidaiatzea ikasteko beste modu bat da, liburuak irakurtzea bezala» Idaztea eta bidaiatzea dira Joxe Mari Iturralderen (Tolosa, 1951) bi pasioak eta horiek uztartzen saiatzen da. Berak esan bezala, idazten ari ez denean bidaiatzen ari da, eta bidaiatzean ere idatzi egiten du. Munduan zehar egindako txangoetatik ateratzen ditu nobeletarako ideiak, kanpotik etxera begira. «Jamaikako neska» liburu berrian ere hori egin du, neska baten azalean jarriz eta autobiografia moduan idatziz. Nagore BELASTEGI TOLOSA Dafne Zorregieta Rondaal Jamaikan jaio zen, Luzea herrian. Aita euskalduna eta ama holandarra ditu, eta bera munduan zehar ibilitakoa da. Beraren berri izango dugu Joxe Mari Iturralderen “Jamaikako neska” (Pamiela) eleberrian. Dafneren familia nomada da. Migrazio mota desberdinak islatu nahi izan al dituzu? Euskaldunok beti izan dugu alde egiteko joera bat, arrazoi soziologiko, politiko zein ekonomikoengatik. XIX. mendean, esaterako, jende askok Amerikara jo zuen diru bila, xentimorik gabe, esaten den bezala, edo baita arrazoi politikoengatik ere, hemen gerra zegoelako edo Afrikako gerrara soldaduska egitera joan behar zutelako. Marinelak itsaso aldetik Ternuara joaten ziren. Dafne jatorriz erdi euskalduna erdi holandarra da, baina pixkanaka Euskal Herrira gerturatzen ari da. Emigrante bat da, emigranteen alaba gainera, baina emigrazioa baino gehiago kanpotik nola ikusten gaituzten islatu nahi nuen. Dafnek gauza asko entzun ditu Euskal Herriari buruz eta jakin-mina dauka. Bere aitak gauzak kontatu dizkio, aitonak kontatzen zizkionak ere bai. Beraz, nobela ez da emigrazioari buruzkoa, ikuspuntuari buruzkoa baizik. Bidaiari petoa dugu protagonista. Ez da ahaztu behar bere ama garai hartako hippy bat izan zela, eta bere aitak ere batetik bestera ibili behar izan duela arrazoi politikoengatik ETAren inguruan ibili zelako. Eta bere aitonak ere batetik eta bestetik mugitu izan dira. Badu gene moduko bat mugitzera bultzatzen duena. Mexikora joaten denean, adibidez, euskal diasporaren parte bat ezagutzeko aukera dugu. Han dena deskonpentsatzen da. Hemen normaltzat ikusten duguna, han desitxuratuta dago. Garaiko ETAko kideak, nola alde batekoak eta bestekoak elkar joka ari ziren, nola distantziarekin dena aldatzen den, nola sartzen diren kanpoko beste elementu batzuk (droga, dirua) eta horrek nola desitxuratzen duen zenuen irudi puru eta garbi hori. Denborak eta distantziak dena aldatzen du eta ikusten da hemendik milaka kilometrora zein aldaketa dauden. Autobiografia eran idatzita dago, kapitulurik gabe, arnasa hartzeko tarterik gabe. Zergatik egitura hori? Denon bizimodua horrelakoa delako. Eguneroko bizitzan sorpresa pila bat aurkitzen ditugu, gure bizitza ez dago kapituluka antolatuta. Orain kalean topo egiten duzu norbaitekin, agurtzen duzu, eta ez dakizu gerora zure bizitzan zein garrantzia izango duen. Agian, ez duzu berriro ikusiko, edo handik bi egunera deituko dizu eta zure bizitza aldatuko du. Gustatzen zait bizitzaren entropia hori. Ez nuen jarri nahi “haurtzaroa”, “gaztaroa”, “nire ezkontza”… saltoak daude aurrera eta atzera, kaos moduko bat da, eta nik bizitza horrela ikusten dut. Emakume baten azalean jartzea zaila izan al da? Bistan da, ni ez naiz neska bat. Horrelako nobela mardul bat egitea protagonista bakarra emakumea izango duena erronka bat zen niretzat. Irakurleak esan beharko du zer iruditu zaion; are gehiago, emakumea bada. Esan beharko du ea zerbaitek atentzioa eman dion. Kaleratu baino lehen nire lagun batzuei, literaturazaleak eta emakumeak direnei, eskuizkribuak utzi nizkien ea zer esaten zuten. Eta ez zidaten esan desastre bat zenik, emakume batek hori ez lukeela inoiz egingo. Badago joera bat liburu baten autorea nor den jakin gabe emakume batek edo gizon batek idatzi duen asmatzen saiatzeko. Orain asko irakurtzen ditut hemen ateratzen diren liburuak eta antzematen dut gazte batek idatzi badu. Hori ez da defektu bat; gaztea denez, gazte batek bezala idatzi du. Nire familiako batek umea izan du. Gizon batek idaztea emakume horren azken 24 orduak nolakoak izan diren, zer sentitu duen, non izan duen mina, zaila da. Eta alderantziz, idazle emakume batek giro belikoa, gerrak, kuarteleko gauzak asmatzea zaila da ez duelako hori ezagutu. Hau ez da kritika bat. Nik nobela honetan erronka hori jarri diot nire buruari; protagonista osoa emakume bat izango da eta 300 orrialdeko nobela bat egingo dut, ea zer ateratzen den. Dafne sortzerakoan norbait izan al duzu oinarrian? Dafne ez da existitzen, ez dago inon. Hori bai, izena Andaluzian ezagutu nuen neska batena da. Sevillan nengoen kafetegi batean eta aldamenean neska bat suertatu eta hizketan hasi ginen. Zer egiten ari nintzen galdetu zidan, eta esan nion nobela bat zela, protagonista neska bat zela, pixka bat kontatu nion, eta galdetu zidan, ‘zein izen dauka?’ eta oraindik ez zuen, nik beti bukaeran jartzen dudalako, eta esan nion, ‘zuk zein izen daukazu?’, eta berak ‘Dafne’. Eta Dafne jarri nion, baina ez du neska horrekin zerikusirik. 10 minutuz aritu ginen hizketan, ez nuen berriro ikusi. Aurkezpenean esan zenuen protagonistaz «maitemindu» egin zarela. Ia hiru urte pasa ditut honekin, gau eta egun. Idazleok, ni behintzat, oso despistatuak baina oso obsesiboak gara. Beti nago buruari bueltaka. Pertsonaia batzuei izugarrizko gorrotoa hartzen diet, eta beste batzuei kariñoa. Dafnerekin hori gertatu zait. Gustatuko litzaidake halako bat aurkitzea nire bizitzan. Independentea da, gorabeherak eta ezustekoak nahiko ondo hartzen ditu. Beste batzuekin ez dut ezer jakin nahi, baina honekin halako gertutasun bat sentitu dut. Makina bat istorio biltzen dituzu. Ipuin antologia bat izan al daiteke «Jamaikako neska»? Istorio mordo-mordoa du. Idazleok, finean, istorioak kontatzen ditugu. Buruan ditut beti idazle handiak, Hemingway, Graham Greene eta horrelakoak, istorioak kontatzen zituztenak. Orduan pentsatu nuen egingo nuela liburu bat istorio mordo batekin, eta horien lotura pertsonaia bat izango zela, eta horrek kontatuko zituela berari kontatu dizkiotenak, irakurritakoak eta bizi izandakoak, eta orduan etengabe daude kontakizunak. Batzuk nahiko bitxiak, gainera. Baten bat benetakoa al da? Bai. Akaso ez dira gertatu kontatzen den egoeran, baina istorio asko benetakoak dira. Badago pasarte bat Dafne Euskal Herrira etortzen denean. Zegama, Zerain, Segura aipatzen dira, bertan naziak izan ziren. Istorioa ez da batere ezaguna, baina benetan gertatu da. Istorio batean Dafneri autoa hondatzen zaio, autostop egin behar du eta kamioilari batek hartzen du. Portu batera igotzen, enbragea hartu beharrean segituan eskua hankartean sartzen dio neskari, eta istiluak hasten dira. Batzuk bitxiak dira eta beste batzuk ia egunero gertatzen direnak. Dafneren adina ez duzu inon ere aipatzen. Ba al dago arrazoiren bat? Apropos egin dut hori. Idazleok erabiltzen dugun trikimailu bat da. Data batzuk agertzen dira eta gutxi gorabehera asmatu daiteke zein adin izan dezakeen, baina ez dut esaten irakurlea berarekin identifikatzen denean pentsa dezan justu bere edadekoa dela; posible da 25 urteko neska batek irakurtzea eta pentsatzea bere inguruko adina duela, eta 50 urtekoak ere bai. Lekuen deskribapenetan igartzen da ondo ezagutzen dituzula. Guztietan izan al zara? Hori da idazleok dugun saria. Nobela Zeelanda Berrian kokatuko banu ez nintzateke orain bertan idazten hasiko. Urtebete lehenago hara joango nintzateke, han denboraldi bat pasa… gustatzen zait leku bat aipatzen badut leku hori ondo ezagutzea. Idazleok ez dugu sari asko izaten, baina hori da niretzat bat, prestaketa lanak bertan egitea. Beraz, bidaiatzea oso gustuko duzu. Nik bai, baina badaude bidaiatzen ez duten idazle asko. Esaten da Hemingwayk nobela bat idatzi baino lehen bidaiatzen zuela, baina beste batzuek, Julio Vernek esaterako, itsaso azpian eta ilargian bidaiak zituen eta bere herritik ez zen apenas mugitu. Niretzat bidaiatzea ikasteko beste modu bat da, liburuak irakurtzea bezala. Txikitatik bidaiatu izan dut. Idazten ari ez naizenean bidaiatzen ari naiz, eta bidaiatzen ari naizenean ere idazten ari naiz. Zein modutan aberasten zaitu bidaiatzeak? Jende pila bat ezagutzen duzu, hemengo girotik deskonektatzen duzu eta kanpotik beste ikuspuntu batekin ikusten duzu. Hori oso garrantzitsua da. Askotan tontakeria asko entzuten dituzu, ‘hemen bezala ez da inon jaten’. Zer esaten duzu!? Bidaiatzean zure burua beste egoera batean ezagutzen duzu. Sekulako esperientzia da. Esaten dute benetako bidaia bueltatzeko txartelik gabe egiten duzuna dela. Joan, eta ez dakizu noraino iritsiko zaren, ezta noiz itzuliko zaren ere. Hiru egunerako Mallorcara joateak ez du interesik. Niri gustatzen zait joan aurretik bertako ohiturak, bertako literatura, bertako hizkuntza zertxobait ikastea. Turismoa egitea tontakeria bat da, gaur egun nork ez du egiten turismoa? Nobelan mundu osoan zehar gabiltza, baina azkenean Euskal Herrira iristen gara. Dafnek ez du Euskal Herria ezagutzen eta iman moduko bat dauka. Bere aitona eta bere aita hemengoak dira, eta bera munduko beste puntan jaio zen. Badaki lehenago edo beranduago etorriko dela. Hainbeste gauza entzuten ditu ohiturei buruz, politikari buruz, azkenean badatorrela. Esan izan duzu gaztetan Euskal Herrian jaio izana ez zitzaizula gustatzen. Sentimendu hori eleberrian islatu al duzu? Nik 14-15 urte nituenean, frankismo garaian, garai ilunak, beltzak, diktadura bat… garai haiek oso gaizki hartu nituen. Oraindik badaukat barruan halako zulo beltz moduko bat. Oso garai txarra tokatu zitzaidan. Beti esaten dut guk, nire belaunaldikook, zorte txarra izan genuela. Ni 15 urterekin bidaiatzen hasi nintzen eta Londresera joaten nintzen, Afrika aldera edo Europa aldera, eta ikusten nuen bazeudela beste mundu batzuk irekiagoak. Eta gero hona bueltatzen nintzen berriro. Oso deprimentea zen, eta nik alde egin nahi nuen hemendik, haize pixka bat hartu kanpoan. Saiatu nintzen hori egiten. Nire beste nobeletan hori gehiago islatzen da, honetan ez hainbeste, agian kontrakoa. Dafnek ikusten du Euskal Herrian ETAk abisatu duenetik ez duela gehiago hilko aro berri bat zabaltzen dela, eta erabakitzen du orain dela etortzeko unea. Ez dut ordura arteko egoera zein zen esaten, baina egoera berri honek jakin-mina pizten dio Dafneri, aro berri bat hasiko delako nonbait. Non amaitzen da errealitatea eta noiz hasten da fikzioa eleberri batean? Segun nobelan zer kontatu nahi duzun tranpa txikiak egiten dituzu. Abilidadea behar da horretarako. Galdera oso zaila da noiz salto egiten den errealitatetik fikziora, edo fikziotik errealitatera. Ondo idatzita egoteaz aparte, egiazkotasun bat izan behar du. Irakurleak sinistu egin behar du. Esaten baduzu protagonista Juanito dela eta Siberiara joan dela eta bertan hotz handia egiten duela, beste modu batera kontatu beharko duzu, han egiten den zerbait, eta horretarako bertako errealitatea ezagutu behar duzu, gero fikzioa egin ahal izateko. Zer duzu esku artean orain? Eleberria euskaraz atera berri da eta denbora utziko diogu bere bidea egin dezan. Datorren urtean aterako da gazteleraz, “La chica de Jamaica”. Bestela, apunteak hartzen ari naiz, baina oraindik ez dut garbi zeri buruz idatzi, zerbait desberdina egin nahi dut. Bidaiatzen jarraituko dut. Oraintxe etorri naiz San Frantziskotik, bi aste egon naiz han. Bruselan ere hiru egun egon naiz, kontzertu bat ikusten. Ahal badut eta ondo baldin banago, bidaiatzen jarraitzea pentsatzen dut, hona etorri, konparatu eta alde onak eta txarrak ikusteko; gauza asko ditugu oso onak, beste asko penagarriak, aldatu behar direnak. Kanpoan ibiltzeak oso perspektiba argia ematen dizu.