10 JUL. 2019 GUTUNAK Alardeatzeak IñAKI IDIGORAS IGARTUA Alardeek ematen dute zeresanik. Garaipen militarra ospatzeko, tradizioa lege, gizonezkoak gudari San Martzialen. Emakumeak, parte hartu nahiz, parekidetasuna aldarrikatuz. Ikuskera talka. Kultura talka. Matxismoa-feminismoa. Genero kontuak. Omen. Eta badira, baina ez soilik. Generoarena kontzeptu handiago baten baitakoa da: boterea-duintasuna. Bizipenetan, alardea-sufrikarioa. Euskal usainik ez du alardeak. Ez diot pareko hitz jatorrik aurkitu. Jatorretik gutxi baitu: «Mostrar de forma vanidosa y sobrada desde una situación de superioridad», irakurri dut. Asko esaten du definizioak, zapaltzaileaz. Matxismotik badauka. Bestelako atzeak, ere, alardeak. Orduan ere, popatik eman genien (ziguten) euskaldunek euskaldunoi (sic), arrotzen gozamenerako. Gaztelak 1200dik menperatuak zituenek, bere laguntzaz, menperatu nahi zituenei. Egungo giputxiak, egungo nafar erkidegokoei. Albako dukeak hasi zuen, gogor, 1512an. 1522koa nafarren berreskurapen saioa izan zen, lagun-senide franko eta soldatapeko aleman batzuen laguntzaz. Noaingo gudu fatidikoaren osteko batailatxoa da Aldabe mendikoa. Egun gutxitan Amaiurko eta Hondarribiko dramatikoak etorriko ziren. Eta ezin ahulak indartsuaren erasoari eutsi. Botere gosearen ahalak menpean hartu zuen, beste behin, kultura propioan izatasun duinarekin bizi zena. Jabetu, ustiatzeko. Egungo emakumeek jaietan parte hartze aktiboa nahi izatea ulertzen dut. Min egiten dit, baina, ahalduntze prozesuaren baitan, alardean parte hartu nahi izateak. Samina eragiten dit, zapaldua izan denak, ahaldutakoan, zapalduaren zapalketa ospakizunetan parte hartzea, matxistekin parez pare. 1522ko gizon iruindarrek Gaztelakoekin (beren jabearekin) egin zuten bat, anaia nafar oraindik burujabeen kontra egiteko. Burugabetzeko. Eta garaipenaz alardeatu. Irudikatzen ditut era zentzuzkoagoak genero talka ospatu baino, oroitzeko. Pentsatzen dut oroimenaren jakintzatik eta egungo ahalduntzetik, gai izango garela biharko egoera parekideago izan dadin, zentzuz, eta zentzu guztietan. Nire desioa da 2022ko Irungo jaietan argi printzarik ikustea, tunel luze beltz honetatik ateratzeko ahalmena eta gogoa dauzkagunaren erakusgarri. Duintasuna ospatu dezagun, duintasunez, parez pare.