GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Atzerako estrategiaren lehen urratsak, noiz eta sanferminetan!


Maite omen dute fatxek uztaila. Gordeta izanen dute beren gogo kolektiboan uztail batean abiatu zuten lepo uzta, zeinean beraiek bezala pentsatzen ez zutenak akabatu baitzituzten, Jainkoaren bedeinkapenaz. Horregatik agian uztailean hasi dira prestatuta duten atzerapen estrategiaren lehen urratsak gauzatzen. Murrizketak zerbitzu publikoan, besteak beste, berdintasun alorrean, eta Francok izendatu zuen Borboiaren omenezko margoa lehen mailan. Eta, jakina, 1936ko uztailean hasitako triskantza hartan zeregin odoltsua izan zuen espainiar armadari kendutako etorbidea eman berri diote. Lagunak gogoan, herriaren kalte. Fatxek badute memoria eta ongi dakite non dauden beren aliatuak, eta non itzali behar dituzten sugarrak.

Ikurrak maite dituzte fatxek, identitario eta nazionalistatzak beste guziak hartu arren. Ikurrina eta Nafarroako bandera berriro debekaturik, gauzak horrela, espainiar ikurren onerako. Konplexurik ez borrei heldu eta bultzaka balkoiak, kaleak eta hiri osoa ixteko. Francoren ministro izan zen beste fatxa batek esana utzi zuen beraiena dela kalea. Esan gabe doa edozer egiteko prest daudela jabego hori gordetzeko. Badaezpada, lezioa ahantz ez dezagun, sanferminak baliatu dituzte gogorarazteko.

Baina, hainbeste maite duten gaztelaniaz esaten denez, «va a ser que no». Ez dakit zer espero zuten, baina jendarte bizi bat aurkitu dute atzerapen urrats horien aitzin. Desmoralizaziorik ez. Instituzioetara iristeko eta hortik gauza hobeak eta gauzak hobeto egiteko gai garela erakutsi dugu beti bazterrean egondakook. Eta hori ez dugu inoiz ere ahantziko. Lehen bagenekien zaila izanen zela, orain badakigu zaila izanik ere lortzea badugula, eta frogatu dugu. Hobeto egin behar dugu hemendik aurrera, hau da afera. Protesta kriminalizatuko dute, beti egin dutenez, baina dagoeneko protesta baino askoz ere gehiago da pare-parean dutena. Aurrera, beraz, baita sanferminetan ere.